ESZENA

“Inorako bidaia” lana Barakaldon

Kukubiltxo antzerki taldekoek, gaur berton, gaueko 20:00etan, Barakaldo Antzokian Inorako bidaia lana antzeztuko dute.

Ainhoa Alberdi, Maria Alonso, Josu Camara, Marifeli Etxeandia eta Iurgi Etxebarria aktoreek jokatzen dituzte Inorako bidaia antzezlaneko rolak, eta Gotzon Barandiaranek moldatu du Aristides Vargasek bideratutako testua.

Inorako bidaiak kontatzen duen istorioaren oinarrian gertaera erreal bat dago: 1950ean diktaduraren presiotik ihes egin zuten bederatzi lagunek itsasoz Montserrat izeneko belaontzi txikian.
Abentura hura paperean jasota dago hura bizitako batzuen edo haien ondorengoen ahotik, testu haietatik abiatu ziren istorioa sakonean ezagutzeko.

Beldurrak desadostasuna itotzen duen garaian, herritarrak gauero biltzen dira mendiko herrixka bateko Utopia izeneko tabernan. Zer esan baino zer egin ez jakiteak sortarazten duen isiltasunean murgildurik daude. Piok, tabernariak, egoera berri bat sortu nahian, kontrabandozko uhinak irakurtzen dituen irratia erosi eta martxan jartzen du. Entzundako berriek ez dute giroa eraldatzen harik eta Haizea eta Askatasuna programa sintonizatzen duten arte. Santurtziko portutik bederatzi iheslari askatasunaren bila abiatu direla entzuten dute, Karmen egunean euskal marinelei eskaintzen zaien lore eskaintza aprobetxatuz. Mendiko herri hartako biztanleak Utopia tabernan inprobisatutako Montserrat belaontzian ontziratuz marinel bilakatzen dira, Askatasuna helburu duen bidaia kolektiboan abiatuz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button