
Tabakalerak bultzaturiko Ikusmira Berriak programaren hamaikagarren edizioan 487 lan aurkeztu dira, eta horien artean Fede Gianni, Alexandra Latishev, Kathy Mitrani, Joana Moya, Jaime Puertas Castillo eta Daniel Soaresen zinema proiektuak aukeratu dira. Proiektu horien egileek egonaldia egingo dute martxoaren 24tik maiatzaren 4ra arte.
Elías Querejeta Zine Eskolaren kategorian Sirenas aukeratu da, Alexandra Latishevena. Proiektuak arlo soziala, thrillerra eta genero zinema uztartzen ditu.
Nest kategorian Estatu Batuetan bizi den Kathy Mitrani zinemagile kolonbiarrak bere lehen film luzea garatuko du, Sombras nada más / Nothing But Shadows (2023).
Euskal kategorian, La Koreana, un poema ferromagnético de luz y memoria lana aukeratu da, Joana Moyarena. Artista honek 2023an aurkeztu zuen bere lehen film laburra, Todo lo cubre la sal / Salt Covers All, eta Kimuaken katalogoan jaso zen.
Espainiar kategorian, Retorno al Valle aukeratu da, Jaime Puertas Castilloren bigarren film luzea, Jaengo herri bateko bi gazteren (Luz eta Pedro) eta hilzorian dagoen gizon baten (Omar) arteko adiskidetasunean oinarrituta.
Nazioarteko kategorian, bi proposamen aukeratu dira. Batetik, 900 toneladas, Daniel Soares zuzendari portugaldarraren lehenengo film luzea, kapitalismoari eta klaseari buruzko gogoeta egiten duena. Bestetik, Fede Gianni zinemagile italiarrak egin duen lehenengo film luzean garatu du bere Cowboy Billi film laburraren gaia.
Egonaldiak zortzi aste iraungo ditu, eta aukeratutakoek maiatzaren 4ra arte landu ahal izango dute beren proiektua. Ekainean, egoiliar bakoitzak garapenerako laguntza bat jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitzeko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak igarotzera.