
Iker Serranoren (Iruñea, 1982) pintura-erakusketa izango da ikusgai Bilboko Errekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan, hilaren 26tik abuztuaren 31ra bitarte. Erakusketa Barriek 2014 programaren baitan ondu da, Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza artistikorako bekak eskuratu dituzten artistak aurkezteko helburuarekin abiatu da programa hori.
Artista nafarrak Basoko zaindaria izenburupean aurkeztuko ditu bere lanak; margolan horiek, era berean, ISOLARIOS izeneko proiektu zabalago baten barruan daude. Egitasmo hori eta bere baitan dauden ekimenak Serranoren doktorego-tesiaren ondorio dira: Plastikako bidaiari buruzko begirada bat, kontakizun piktorikoaren bidez.
Tesi horren harira, Rekalde Aretoko erakusketak ere bidaiak eta pinturak lotzen ditu: “Bidaiaren esperientziatik margolanera igaro ondoren, pertsonaia -bidaiari- margolariak hartzen duen pertsonaia edo maskararen ondorioa da Basoko zaindaria”. Bidaia piktoriko horrek egilea eta animaliak lotuko ditu.
Serrano Arte Ederretako lizentziaduna da UPV/EHUtik, eta egun Bilbon bizi da. Banakako hainbat erakusketa egin ditu, tartean, El Guardián del Bosque, Madrilgo Utopia Parkway galerian, 2014an; Retorno a la Isla, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 2013an, edo Viaje e Isla 2.1., Bilboko Windsor Kulturgintza Galerian, 2012an.



