Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak Ignacio Aldecoa ipuin lehiaketa eta Ernestina de Champourcin poesia lehiaketa abiatu ditu. Parte hartu nahi dutenek martxoaren 31ra arte izango dute ipuinak aurkezteko, eta ekainaren 10era arte poema bildumak aurkezteko.
Ignacio Aldecoa Ipuinen Nazioarteko Sariaren 54. edizioa izango da aurtengoa. Helburua ipuinaren edo kontakizun laburraren esparruan lan egiten dutenei laguntza ematea da, bai eta kalitate bereziko literatura lanak saritzea ere. Parte hartzaileek ipuin bilduma bat bidali behar dute jatorrizko eta argitaratu gabea. 20.000 hitz izan behar ditu, gutxienez, eta gaztelaniaz idatzita egon behar dira.
Euskarazko literatura sorkuntzarako Ignacio Aldecoa Beka ere izango da aurten. Xedea lehiaketa indartzea da, baina formatu desberdinarekin, bertako errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta. Beka lortzen duenak 8.000 euro jasoko ditu.
Beste aldetik, Ernestina de Champourcin poesia lehiaketarako deia ere egin da. Euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal dira poemarioak (500 eta 700 bertso arteko poema sorta). Saria 2.000 euro dira modalitate bakoitzerako.