
Ibaia ez da toki bat natura eta artea uztartzen dituen sormen lantegia egingo du Nagore Legarretak adituak, maiatzaren 28an, Zarautzeko Sanz Enean.
Birziklatutako ontziekin argazki kamerak eraiki eta Zarautzeko ibai eta errekei begira jarriko dira parte hartzaile guztiak.
Argazkilaritza estenopeikoaren teknikaren bidez erretratuak egingo dizkiete erreka eta ibaiei eta ondoren argazkiak modu analogikoan errebelatuko dituzte laborategian.
Nagore Legarreta (Hernani, 1981) argazkilariak erreminta xelebreekin egiten du lan, irudi ikusgarriak lortzeko. Izan ere, pospolo kaxak eta kolore karreteak erabilita argazki kamerak eraikitzen ditu argazkilariak, eta horrela, definiziorik gabeko irudiak sortzen ditu, “argia, kolorea, eguzkia eta suaren erritmoarekin bat eginez”.
Nagore Legarretak berak kontatzen duenez, aspalditik ari da irudiekin jolasten: “Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen Leioan, fakultatean baino nire kabuz egindako saioetan sortu zitzaidan argazkilaritzarako grina. Hasieran kamera analogikoarekin, ondoren digitalarekin eta azkenean teknika estenopeikoarekin topo egin nuen, 2009 urtean, Alberto Gagok Hernaniko Foto Forum argazki elkartean egindako tailer batean. Ontzi batekin zer lortu zitekeen ikusi eta buru belarri ekin nion lanari eta jolasteari. Hasieran norberak birziklatutako ontziekin kamerak eraikitzearenak asko erakarri ninduen. Txikitan, aitarekin, gure jostailuak sortzen aritzen ginen, hori zen jolasa, jostailuak asmatzea eta eraikitzearen erronka. Argazkilaritza estenopeikoak horrekin konektatu ninduen erabat. Argazkilaritza estenopeikoak, ohiko formatuetatik harago, proiektu bakoitzera egokitutako kamara eraikitzeko aukera ematen dizu. Horrez gain, kamera estenopeikoak ematen dituen irudien zehaztasun faltak, eta horrek sortzen duen estetikak, asko erakartzen nau.”