LITERATURA

Joxean Agirre idazleak “Solteroen Dantzalekuak” izeneko lana kaleratu du

Atzo, Donostiako Udal liburutegiko Mandas Dukearen aretoan aurkeztu zuen Joxean Agirre idazleak, Xabier Mendiguren editorearen konpainiarekin, Solteroen Dantzalekuak (Elkar) lan berria.

Hemen duzue lanaren korapiloa: Gaztetan, Deustuko Unibertsitateko ikaslea zela, ikerketa bat egiten ibili zen nobelako protagonista, baserritarrak joan ohi diren diskoteketan ze ohitura zeuden eta horrek maiorazkoak mutilzahar geratzearekin zerikusirik ba ote zuen. Aldi berean, frankismoari kontra egiteko, Erakundean ere sartu zen, harik eta, atxiloaldi batean jasotako pasadaren ondoren, borroka-gogoak joan eta Iparraldera ihes egin zuen arte. Urteak pasata, jubilaziotik gertu dagoen Soziologiako irakasle dibortziatua dela, Alderdiaren gonbidapena jasoko du Lehendakarigai izateko, baina, politikariek falta ohi duten xarma moduko bat aitortzen dioten arren, bere iragana nola edo hala apaindu beharra ere gogorarazten diote.

Lan horretan ere, Joxean Agirrek gai larriak arintasunez eta serioak umorez lantzeko dohain aparta erakutsi du beste behin, “irakurlea harritzeko gaitasunarekin batera luma airos eta jostariz daramala Zuberoako dantzalekuetatik Nafarroakoetara, Francoren azken salbuespen-egoeratik gaur egungo politika gatzgabera”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button