EZLEKUBAT

No Global Tour

OHARRA: Kolaboratzaileen lehiaketaren baseetan jasotzen denez, aukeraturako lanik intersgarrienak argiratatuko ditugu. Hona Garazi Ansa Arbelaizek Santiago Sierra artistak Artiumen otsailetik maiatzera bitartean paraturiko No Global Tour erakusketari buruzko idatzia.


Ez! Ez, dio Santiago Sierrak. Ez ekonomiari, ez politikari, ez arteari eta ez artearen historiari. Guztia ukatu du, guztiari esan dio ezetza bere azken proiektua NO GLOBAL TOURaren bidez, hala eta guztiz ere ez omen da artista antisistema. Baina ekonomi sistemaren aurka dago, politika sistemaren aurka, sistema kapitalistaren aurka erabat. Nola uler daiteke ordea, hain arte lan polemikoak egin, sistemaren aurka dagoela aitortu eta hala ere, kritikak maiz definitu izan duen artista antisistema dela ezeztatzea?

Santiago Sierrak ideia bat argi eta garbi du: bera artista da eta arte lanak produzitzen ditu. Modu honetan, artista kontziente da, arte lanak luxuzko objektu oso baliotsuak direla, eta hala diren heinean, sistema kapitalistaren barnean ikaragarrizko balore ekonomikoa dutela sistema komunistan ez duten bezala (Sobiet Batasuna adibidez), izan ere, erregimen komunista batean arte lanek, beste edozein motatako lanen balio bera hartzen baitute. Honela bada, bere lana, sistema kapitalistaren osagarrietako bat izanik, ezinezkotzat jotzen du arte lanak egiten eta saltzen dituen artista bat inoiz antisistema izaterik.

Hala eta guztiz ere, sistemaren aurka dagoenez, artea sistema bera gizarteari azaleratzeko erabiltzen du, arte galeriak, museoak, … erakustoki moduan erabiliaz. Berak ez du ezer salatzen, ez du ezer kritikatzen, soilik ikusgarri ipintzen du hau bere krudelkeria guztiarekin, ondoren, ikusleek horren inguruan gogoeta egin dezaten. Adibidez, behin Kubako zenbait prostituta heroinazaleri dosi batekin ordaindu zien beren bizkarrean lerro bat tatuatzea. Zenbaitzuk krudelkeria hutsa zela esan zuten, beste batzuk, ez zela gizatiarra, baina berak prostituta horiek egingo luketena soilik ipini zuen erakusgai. Izan ere, heroinazale izanik, beraien lanaren etekin handi bat, dosia erosteko erabiltzen baitzuten.Kasu honetan, metalezko NO beltz handi bat eginarazi zuen, eta harekin zenbait herrialde aberatsetatik bidaiatzen ibili da, hain zuzen ere, Europa, Kanada, Estatu Batuak eta Japonian barrena. Aipatu bezala, berak EZaren bidez, guztizko ukazioa egin nahi zuen, ukazio global eta orokorra, eta horretarako, sistemaren oinarri diren zenbait gune garrantzitsutan ipini zuen ikusgai NO handi eta beltz hori. Hala nola, petrolio-findegietan, EZ ekonomiari oihukatuaz, edo eta Washingtoneko Kapitolio inguruan, EZ politikari aldarrikatuaz.

Artiumen, urte beteko ibilbide luzearen testigantza izan diren hainbat argazki eta filma bildu dira. Baina horiez gain, anamorfosi bat eta beste NO zuri bat ere badaude bertan. Hain zuzen ere, azken eskultura honen eta, munduan zehar biraka ibili den NO beltzaren arteko jokoaz baliatu da Sierra, artearen munduko sartu-irtenaren inguruan hitz egiteko. Eskultura beltza, museoaren sarreran bertan dago kokatua, espazio erreal batean, modu honetan museoari berari EZ esanaz, museora EZ sartzeko gonbita eginaz. Zuria ordea, museo barnean dago kokatua, museoak berak arte lantzat jo duelako. Baina era berean EZ dio honek ere, eta Carrarako marmol zuriarekin eginda dagoenez, artearen historia eta artea bera ere ezeztatzen ari da. Honela, Sierrak ukazio bikoitzarekin baieztapena sortzen du, izan ere, artista bati eta bere lanari buruz hitz egiten ari garela ez baitugu ahaztu behar.

Sierrak, EZ orokor eta globala esatea oso polemikoa eta anarkikoa izan daiteke, artista denaren ikuspegitik, baina berak dioen bezala, sistemaren partaide den bitartean, EZ hori ez da inoiz ez orokor eta ez globala izango, bere baitan, ezkutaturik, BAI orokor eta globala izango duelako beti ere, berak nahi edo berak nahi gabe, EZ esaten dion sistema horren zati delako eta behartuta bada ere, sistema hori onartzen duelako, nahiz eta ez atsegin izan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button