
Azkuna Zentroan, eszenAZ arte bizien programa egonkorrak aurrera darrai. Denboraldi honetan, egungo eszenako lanik berritzaileenak ikusteko parada egongo da, beti ere, bertako eta nazioarteko artistek eta konpainiek aurkeztuak. Gaur berton, azaroak 29, 19:00etan, Tripas kolektiboak Platea pieza egingo du.
Proposamen guztietan, gorputza da elementu eszeniko nagusia, antolaketa koreografikoan edo espazialean, plastikoan edo performatiboan, eta bertan azaltzen diren egitura narratibo berriak, formatu eta lengoaia berriak, sormen-aukerak pizten dituzte.
Tripak euskal konpainiaren hirugarren ekoizpena da Platea. Heriotzaren eta bizitzaren artean gertatzen denari buruzko hausnarketa existentziala da, umorerako eta absurdorako tartea ere baduena. Platea obran, oturuntza-mahai bat aurkezten zaigu, “imajinatutako linbo baten irudikapen gisa, padurak dituen paisaia baten erdian. Mareen mugimenduak nabarmentzen du bizitzak eman eta hartzeko duen bereizgarria, azalpenik edo lokarririk aurkitu gabe. Jainko batek, zeremonien maisu gisa, ongi etorria ematen die inguru aldakor horretara iristen diren gorpuei. Itsasoak eramanda, noraezean edo konorterik gabe iristen dira, naufragoak edo sirenak bailiran; denek izan zituzten bizitza eta heriotza lehenago. Lekua azken ospakizunerako, transmutazio handirako prestatuta dago, baina, lehenago, beren aurreko borondateak utzi beharko dituzte, oraindik ere haien oihartzuna entzuten baita.”
Tripas kolektiboan Natalia Suarez, Maite Mugerza eta Marina Suarez artista plastikoak eta Andrea Berbois biolin-jotzailea aritzen dira. Duten helburua munduaz eta estetikaz duten ikuspegi berezian oinarritutako sorkuntzak eskaintzea da.