ESZENA

Hau ez da gerra bat eta Hau gerra bat da

Piszifaktoria Ideien Laborategiko taldekideak gerra denaz eta ez denaz arituko dira bi egunetan, Donostian. Larunbatean, hilaren 16an, Hau gerra bat da pieza egingo dute Tabakaleran, 20:00etan, Labo XL6 jaialdiaren barruan. Eta datorren astean, hilak 19, eta Literaktum jaialdiaren baitan, Hau ez da gerra bat lana egingo dute Victoria Eugenia Klubean, 19:00etatik aurrera.

“Diptikoak giza harremanen erabateko porrotetik sortzen diren gerrak ditu hizpide, ikuspuntu eta molde desberdinekin. Bi lanek, halaber, komunean dute euskal antzerkiarentzako kontatzeko modu eta lengoaia berriak bilatzeko nahi bat eta artista eta publikoaren arteko harremanak birpentsatzeko ahalegin bat”.

Hau ez da gerra bat Gasteizko Printzipal Antzokian estreinatu zen 2023ko maiatzean eta orain irakurketa dramatizatuaren formatuan ikusi ahal izango da Donostian. Mikel Ayllonek idatzi eta zuzendu du obra, ATX Teatroaren eszenografiarekin, Betitxe Saituaren jantziekin eta Igor Arzuagak lan honetarako propio sortutako musikarekin.
Minaren inguruan gordintasun osoz hitz egiten duen obra bat da honakoa. Gizakiok elkarri egiten diogun minaz, elkarri entzun eta ulertzeari uzten diogunean, dela harreman sentimental batean edo gerra batean. Aiora Sedano, Gabriel Ocina eta Irati Agirreazkuenaga aktoreak taula gainean izango dira pertsonaia horiek gorpuzten.
Mikel Ayllonek berak hala deskribatu du obra: “Hau ez da gerra bat lanean gerrara hurbiltzeko modua soilagoa da, eguneroko keinu itxuraz txikietatik. Bikote batek harremanari amaiera emango dio taberna bateko terrazan, udako iluntze sargori batean. Horrekin abiatu ohi dira gerra asko eta asko. Bikotekide bakoitza gela batean sartuko da. Atea itxiko du, bunker batean nola. Eta hizketan hasiko dira, argudio herrenak eta irain mingarriak desarratzen. Baina batak ez dio besteari entzungo. Ez dute elkar ulertzeko gogorik. Mina dago, besterik ez. Denok bizi izan dugun eguneroko koadro bat izan liteke erraz asko, baina bat-batean, nondik datorren oso argi ez dagoen soldadu bat agertuko da eszenan. Eta horrela sortuko dira geure ezin ulertuen eta gerretako kausa eta ondorioen arteko paralelismoak.”

Hau gerra bat da ikuskizunak, aldiz, hilabete batzuk geroago ikusi zuen argia, 2023an ere bai, Bilboko Euskararen Etxean. Iholdi Beristain, Irati Agirreazkuenaga, Igor Arzuaga eta Mikel Ayllon aritzen dira zuzenean lan honetan. Pieza hori diziplina anitzeko (hitza, musika, dantza eta antzerki fisikoa) ikuskizuna da, eta bidaia bat gerraren barrunbeetara proposatzen du, publikoaren erabakien arabera, bide bat edo beste hartuko duena. Izan ere, formatu berritzaile batekin publikoak erabakiko du ikuskizunaren garapena. Istorio ez-lineala bat da, gerra bat nola.
Bi lanok Hau ez da gerra bat izenburu duen liburuan argitaratuta daude, Bunker izeneko hirugarren pieza batekin batera, Susa argitaletxearen Ganbila bilduman.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button