
Bilboko Udal Txistulari Bandak Elisabeth Perez ilustratzailearen irudi eta poemekin fusionatuko ditu bere doinuak Lainoen artean izeneko kontzertu batean. Gaur berton, azaroak 8, izango da hitzordua arratsaldeko 19:00etan Euskalduna Jauregian. Oso kontzertu berezia eta sentikorra izango da, alzheimerra izango baita ikuskizunaren hari nagusia.
Garikoitz Mendizabalek zuzentzen duen txistularien boskoteak Elisabeth Perez ilustratzailearen irudi eta poemekin “fusionatuko ditu bere doinu tradizionalak, eta giro bero eta intimoan murgilduko dute publikoa. Kontzertu honetan une nostalgikoak eta erritmo tradizionalen alaitasuna nahastuko dira, ilustrazioaren magia eta dinamismoa eta txistuaren musika uztartuz.”
Ilustratzaileak berak idatzi eta ilustratutako Arrain on baten memoria liburua izango da oinarria. Bertan, neska gazte batek istorio maitagarria kontatzen du bere izebaren gaixotasunari buruz duen ikuspuntua erakutsiz.
Boskoteak urriaren 18an ekin zion eszenatoki honetako emanaldien denboraldiari eta gaurkoa Txistulari Banda Euskalduna Jauregian eskaintzen ari den kontzertu-zikloaren bigarren hitzordu musikala izango da.
Bilboko Udal Txistulari Bandaren hurrengo emanaldia azaroaren 20an izango da, larunbata.