ESZENA

“Sarean”, “Xihiko” eta “Barrock” ikuskizunak asteburuan, Dantza Zirkuituaren eskutik

Hiru hitzordu ditugu asteburu honetan Dantza Zirkuitua XIV. edizioaren eskutik.

Lehena, Organik dantza taldeak Sarean ikuskizuna eskainiko du datorren ostiralean eta larunbatean, Kultur Leioako Auditoriumean. Natalia Mongek sortu eta zuzendu du obrak arrantzaleen ondoan, sareak konpontzen dituzten emakume langileak ditu ardatz. Pilar Andrés, Begoña Krego, Natalia de Miguel eta Helena Golab, María Martín antzezleek, arrantza-portuetara eramango gaituzte, “une intimo eta groteskoen artean, begirada poetiko eta ironiko batetik”. Hitzorduak, ostirala 21 eta larunbata 22, 20:30ean Kultur Leioako Auditoriumean.

Bigarren ikuskizunaren hitzordua, larunbata 22, Iruneko Amaia Kultura Zentroan izango dugu Elirale konpainiaren eskutik, Xihiko ikuskizunarekin. Xihiko mendian dabilen behor gazte bati leku horretako biztanle bitxiek kontatuko dizkioten mendi horren sekretuen inguruan ardazten da obra. Hitzordua, 17:00etan.

Eta asteburuko hirugarren proposamena, Dantzaz Konpainiaren ‘Barrock’ Ikuskizunaren emanaldia izango dugu igandean. Ikuskizunak barroko eta rockarekin jokatzen du, “gorte eta kalearekin, ‘gorte barroko’ eta ‘gorte modernoko’ amodiozko harremanak antzeztuz dantza eta estetikaren bidez”. Hala, Juan Crisosotomo Arriaga (Bilbo, 1806 –1826) euskal musikagile handiaren konposizioak, eta Niña Coyote eta Chico Tornadoren rock indartsua, amodiozko jolasen performance bitxia bihurtzen da, Paolo Mohovichen koreografia eta Christophe Paviaren ile-apaindegia uztartuz. Emanaldi hau ikusteko aukera, igandean, 13:00etan, Villabonako Txistulari Plazan.

XIV. Dantza Zirkuitua Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Sarearen bidez antolatutako ekimena da eta edizio honetan, 84 emanaldi eskainiko ditu EAEko 28 agertokitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button