
Igandean, Irunen, Gipuzkoako Bertso Eskolen eguna ospatuko da goizez, eta gero arratsaldean, Eskolarteko finala egingo da bertako Amaia Antzokian.
Programa horrela ondu da: goizean, 10:30ak aldera Irungo Urdanibia plazan elkartuko dira gazteak, eta bertan bitxigintza, herri kirolak edota bertso ipuinak antolatuko zaizkie.
Geroago, bazkalostean, Eskolarteko XXXV. finala jokatuko da herriko Amaia Antzokian, 15.30ean hasita. Txapelketan 27 bertsolarik hartu dute parte, lau bertso afaritan: Zumarragan, Lasarte-Orian, Zarautzen eta Azkoitian.
Handik sortu dira honako finalista hauek: Andoni Mujika (Hernani), Ane Zuazubiskar (Arrasate), Asier Ibarguren (Donostia), Beñat Mujika (Donostia), Iñigo Ibañez (Azpeitia), Jon Ander Iriondo (Azpeitia), Oier Etxeberria (Azpeitia) eta Paul Iruretagoiena (Ataun).
Arratsaldeko ekitaldian Eskolarteko idatzizko txapelketako sariak ere banatuko dira.