MUSIKA

Gaur egingo da “Martutene” lanaren irakurraldia, Bilbon

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabea gaur berton izango da, eta ekimenean, Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria irakurriko da,  08:00etatik 14:00etara, etenik gabe.

Honezkero hasita dagoen Klasikoen Irakurraldi Etenik Gabearen hamabosgarren edizioan 200 lagun inguruk hartuko dute parte, (Nontzeberrik ere bai), eta institutuetako gazte ugarik ere, izan ere, euskarri digitalean grabatu dituzte pasarteak eta gero horiek erabiliko dira irakurketa osatzeko. Azkenik, modu birtualean ere munduan barreiaturik diren Euskal Etxetako euskaldunek zati bat irakurtzeko tartea ere izango dute.

Ramon Saizarbitoriak berak eman dio ekimenari hasiera Arriaga Antzokian, eta obraren lehenengo lerroak irakurri ditu gaur goizeko 08:00etan. Betiko legez, Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle eta irakasleez gain, euskal gizartearen arlo guztietako pertsonak hurbilduko dira Arriagara egokitu zaien pasartea irakurtzera.

Arriagako plazan pantaila erraldoi bat jarriko da eta bertatik jarraitu ahal izango da zuzenean irakurraldia, baita EITBren webgunetik ere.

Eta diogun bezala aurtengo protagonista Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944) da, Martutene obrarekin. Egunero hasten delako eleberriarekin abiarazi zuen bere ibilbide literarioa 1969. urtean, eta gero pisu handiko obrak kaleratu zituen, tartean, Ehun metro (1976), Hamaika pauso (1995), Gorde nazazu lurpean (2000) edo irakurriko den hori.

Egunotan, bere obraren inguruan Bilbo Zaharra Euskaltegiak hitzaldi sorta bat ere antolatu du. Ekainaren 6an, Pilar Kaltzadak, Joseba Sarrionandiak eta Aingeru Epaltzak hartu zuten parte, eta atzo, ekainaren 7an, Laura Mintegi eta Ur Apalategi aritu ziren.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button