
Gaur, gonbidatu berezi batekin abiatuko da Iruñean euskal musika biltzen duen Kantu eta Hitza programa.
Mikel Urdangari izango da protagonista 20:00etan hasiko den kontzertuan. Lehenengoz bakarka pianoaren eta ahotsaren laguntzaz. “Inoiz erakutsi ez digun talaiatik, bere errepertorioko aukeraketa bat aurkeztuko digu kantari zornotzarrak, azken bi urteetan ondutako bertsio eta sorkuntza berri zenbaiti uko egin gabe.”
Duela pare bat urte Izurdeen lekua lana kaleratu zuen, hamaika abestik osaturik. “Kantuz kantu unitate bakarra bilatzen duen lana, lehenengo piezarekin hasi eta hamaikagarrenarekin bukatzen den lan oso bat, alegia. Soinu banda batetik disko batetik baino gehiago daukana”. Letrak Urdangarinek berak sortu ditu baina Harkaitz Canoren eta Kirmen Uriberen ekarpen bat ere badago. Lanaren izenburua, Izurdeen lekua, pandemia garaian bizi izandako esperientzia batetik dator. Maiatz hasieran Ondarruko Atxazpitik hurbil izurdeak agertu ziren, herritarron harridurarako. Urdangarinek honen inguruan hausnartu zuen, “izurdeak haien ingurune naturalean baitzeuden eta garai hartan gizakiok baikinen galdu samar geundenok. izurdeak beren lekuan zeuden eta gu, ostera, gure lekutik kanpo. Izurdeak, gure kaleak eta parkeak okupatu zituzten hainbat piztiekin batera, askatasun ikur bilakatu ziren”.
Hil honetan Kantu eta Hitza programak honako kontzertu hauek ere ondu ditu: ekainaren 9an, Joseba Irazoki eta Lagunak; 16an, Maite Larburu; eta 23an, Peru Galbete eta Gu.