
Kolektibo Monstrenkok Jardunaldiak Monstrenkoak antolatu ditu abenduan. Aste honetan azken emanaldiak izango dira.
Jardunaldiak abenduaren 15ean hasi ziren, eta denetarik izan da orain arte: Daniel Higienicoren emanaldia, The Twin Rebels talde gasteiztarra, Koilara Teatroren Tolondrados working progressa, Jorge Dutor & Guillem Mont de Palolen Los micrófonos, Ameno & Danilo Facelli Kolektiboaren La vida es una fuerza oscura, Arabazan Taldearen Erregalu, erregailu! lana, Kolectivo Monstrenko & Legaleón T taldeen A pesar de todo pieza, ….
Atzo, hilaren 27an, goizean, Parsite Kolektiboa aritu zen Eguzki Donnellan eta Hannah Whelanen Oracle Motel antzezlanarekin, Marina Suarezen zuzendaritzapean.
Gaur, 28an, goizean, Ane Arrugaetak Suit dreams egingo du. “Influencer baten itzala. Ezaguna dena izkutatzen duen maskara bat. Nor da benetan errealitate eztitu horren atzean dagoena? Tzamantaren zaurgarritasuna agerian geratzen da ehundaka jarraitzaileen begiradapean.”
Eta gauean, 21:00etan, Artxibo biluzia oholtzaratuko da, Metrokoadroka kolektiboarena. “Ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkiaren mugetan mugitzen den pieza eszenikoa da Artxibo biluzia. Bi aktore ikusiko ditugu eszenan, publikoarekin elkarrizketan, ikerketa bat abiatzen: dokumentua akzioaren pizgailua izan daitekeen frogatu nahian.”
Abenduaren 29, eta 30ean makina bat lan ikusteko aukera egongo da, eta azken egunean, 31n, Espejismos- El lado Épico lana egingo du Kolectivo Monstrenkok. “Zer nahi duen dakien jendea, baina berehala ahazten zaiona. “Buruan hainbeste gauza dituen jendea, horiek guztiak haientzat ezin direla izan pentsatzen duena. Buruan dituzten gauzak beraienak ez balira bezala, ez dute serio hartzen, baina hori gutxienekoa da, badakizu.”



