
Plateruenaren 10. urteurrena behar bezala ospatzeko, diziplina anitzeko ikuskizuna eratu dute, abenduaren 6an, larunbata.
Bertan, ikuskizunari letrak ipintzen eta gidoigintzan aritutako Igor Elortza, Peru Magdalena eta Eneko Sagardoy bildu dira. Eta ikusgarrirako gonbidatu diren artistak Gorka Urbizu, Anari, Kukai, Gose, Danele Sarriugarte, Sei Urte, Paddy Rekalde, Amets Arzallus eta Miren Amuriza izango dira.
Zertan den ekimen interesgarri hau, honela adierazi digute Plateruenako kideek: “Durangoko Azokaren egunak heltzean, Durangon mikrokosmos berezi bat sortzen da. Kulturaren, euskararen eta euskaldunen bilgune bilakatzen da Anbotopea, eta ilusio hegalari eta antzinako batek besarkatzen gaitu.
Giro honetan sortzen da Hegazki, egun zehatz hauetako mikrokosmosak sortzen duen izaki mitologiko eder eta iheskorra. Egunotako giroak, ilusioak eta sinesmenak sorrarazten du, eta Azoka igaro ondorengo egunen grisak, atsekabeak eta eszeptizismoak akabatzen”.



