MUSIKA

“Kantuaren Kantoia” ekimena berriz Plateruenan

Aurreko urteetan bezala, Plateruenan Kantuaren Kantoia ekimena antolatu dute azaroko asteazkenetan, euskal kantagileek, taldeak eta zaleek elkar ezagutzeko parada eskaintzeko asmoz. Hitzordua 20:00etan izango da, Durangoko Plateruenan.

Lau asteko ziklo batean, kazetari batek bideratuta, kantagile edota talde gonbidatuaren ibilbidearen, kanten, erreferentzien, lan egiteko moduaren eta euren kezken gaineko berbak entzungo dira.

Berez, berbaldi musikatuak izango dira. Kantagileak zuzenean joko ditu eta kanta horiek izango dira elkarrizketarako abiapuntu. Ordubete pasatxoko iraupena izango duen saioaren erritmoa eta eszenaratzea berezia izango da.

Lehenengo zikloetan egin zen moduan antolatuz gero, oholtzan pantaila jarriko da eta argi-jokoekin kantagilea eta kazetaria eroso ez ezik zaleengandik gertu sentitzeko giroa sortuko da. Kantazaleak mahaietan jesarriko dira, kafe-giroan, galderak egiteko aukera aproposa sortuz.

Programa honetarako Belako (azaroaren 6an), Audience (13), Napoka Iria (20) eta Jupiter Jon (27) taldeak aukeratu dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button