
Azaroa antzerkigintzaren hilabetea izan ohi da Azpeitian, eta 43. Euskal Antzerki Topaketak egiten ari dira bertan. Datozen asteetan, orotariko antzezlanak ikusi ahalko dira Soreasu Antzokian, Dinamoa sormen gunean eta herriko kaleetan. Asteburu hau, adibidez, oso lan interesgarriz betetik dator.
Gaur berton, hilak 7, Tartean Teatroak Ai, Gure Juaneteak pieza egingo du. Mikel Laboaren abestiak eta kantak ezinbestekoak dira euskal kulturarentzat. Jokin Oregik zuzendutako pieza hori prosaren eta poetikaren, antzezlanaren eta musika-saioaren arteko lan hibridoa da. Patxo Telleriak gure ondare kulturalaren zenbait abesti hartu, eta gaur eguneko ikuspuntuaz birsortzeko ausardia erakutsi du: Hegazki errariak, Izarren hautsa, Bedeikatua, Negu hurbila, O Pello, Pello, Haika mutil, eta abar.
Kasu honetan, oholtza gainean hiru pertsona ikusiko ditugu: Patxo Telleria aktore-musikari bat, eta bi musikari-aktore, Adrián García de los Ojos eta Maider López. Eszenatokian ez da osagai handiegirik aurkituko, minimalismoa erabiliko da aktoreak, musikariek eta, batez ere, Laboaren musikak protagonismo handiagoa izan dezaten.
Larunbatean, Goitibera taldeak Eraitsi S.L pieza egingo du. “Pentsatu al duzu inoiz ea nola suntsitzen den plaza bat? Edo arkitekturaz haratago zerk sortzen duen plaza? Eraitsi S.L. zuen herriko plaza botatzera etorri da, Basque Culture Exhibition Forum mega-egitura eraiki ahal izateko”.
Eta igandean, Tanttaka Teatroak Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? lana oholtzaratuko du. Lan berezi honetan honako pertsonaia hauek aritzen dira: Jose Manuel, 37 urte. Garun-paralisia duen psikoterapeuta arrakastatsua. Lucia, 35 urte. Depresioa du paralisi emozionala dela eta. Yoldi, 35 urte. Paralisi intelektuala duela dirudien landare zaintzailea. Martina, 60 urte. Paralisi metafisikoa duen psikiatra. Hiru aktore daude eszenan: Luciak nortasun disoziatiboaren nahasmendua du, ondorioz Yoldi da Luciaren beste “ni” hori. Beste bi pertsonaia adimen artifizialak dira: Alexa eta Enmanuel. Martina beste pertsonaia bat izango da, psikiatra, eta ezin du bizitza jasan. Ez da gai alaba Luciari laguntzeko. Amore emango du? Agian bai.
Datozen egunetako proposamen guztien gaineko informazioa: Euskal Antzerki Topaketak.



