MUSIKA

Euskadiko Orkestra eta Kalakan taldea elkarrekin

Euskadiko Orkestrak eta Kalakan taldeak sorturiko disko berria haizatuko dute egunotan burutuko dituzten aurkezpen-kontzertuetan. Gaur, urriak 20, 19:30ean, Iruñeko Baluarte aretoan izango dira. Gaurkoaren ostean, Gasteizen, Bilbon, Donibane Lohizunen eta Donostian eskainiko dituzte kontzertuok.

Euskadiko Orkestrak eta Kalakanek bat egin dute euskal musika tradizionala bildu eta zabaltzea helburu duen proiektu batean, “bi hanka nagusi dituena: batetik, hamabi kanta barne hartuko dituen eta Elkar diskoetxeak urrian argitaratuko duen disko baten grabazioa; eta, bestetik, disko horretan jasotako kantak aurkezteko urrian eta azaroan Iruña, Gasteiz, Bilbo, Donibane-Lohizune eta Donostian antolatu den zuzeneko kontzertu-sorta.”
Proiektu hau ohiko errepertorioetatik kanpoko musika-ekoizpena bideratzeko Euskadiko Orkestraren KlasikAT egitasmoaren baitan aurkezten da.

Kalakan taldeak argitaratu dituen hainbat kanta orkestraren mintzairara ekarri ditu Jagoba Astiazaran konpositoreak, eta gainera, hainbat instrumentu tradizionalek ere presentzia nabarmena izango dute, txalaparta, txirula edo alboka esaterako, zeintzuk beste instrumentuekin batera orkestran txertatu diren.
Horretaz guztiaz gain, Xalbador bertsolariaren hainbat hitz jasoko dira, propio proiektu honetarako sortu diren piezetan, baita Mikel Laboa eta Joxean Artzeren kanta ezagunak ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button