ESZENA

Eszena Kalera programaren azken astea

Irailean zehar Bilboko Udalak abian jarri du Eszena Kalera programa, Bilboko zortzi barrutietako auzoetako plaza eta kale askotara antzerkiaren proposamenak hurbiltzeko. Zirku, dantza, folklore, pailazo, haurrentzako dantzaldi edo kale antzerkiaren piezak ikusgai izango dira irailaren 30era bitartean. Hortaz, ekimena azken astean sartu da.

Aste honetan honako ikusgarriekin gozatu ahal izango duzue: gaur, irailak 25, 17:00etan, eta Eskolako landan (Uribarri), Ganso & Cía taldeak Panoli kabareta egingo du. “Artista izan nahi zuten. Autolaguntzako liburu bat irakurri zuten. Esperientziarik izan ez arren, euren buruarengan konfiantza izatea erabaki zuten. Autoestimu gaindosi horren emaitza da Panoli Kabareta. Zirku edota vodevilaren historian ez dira oroituak izango, baina behintzat barre batzuk botako ditugu.”
Biharko egunean, 11:00etan, Azoka Parkean (Zorrotza), Erre Produkzioak taldeak Grimm anaien parkea izeneko lana oholtzaratuko du. “Behin batean, kale-garbitzaile bik parke bat garbitu behar izan zuten, mende batean baino gehiagoan publikoarentzat itxita egon zena eta berriz ere inauguratzeko ospakizun handirako irekiko zena. Kale-garbitzaile horiek ezin izan zuten imajinatu ere egin garbitu beharreko parke hori Grimm anaiei omenaldia egiteko eraiki zela, eta haien ipuinetako pertsonaiak -Txanogorritxu, Errauskine, Hansel eta Gretel, Rapunzel, Loti Ederra, Edurnezuri, etab.- langile maitagarri horien bizitzan sartuko zirela.

Asteburuari begira makina bat pieza ikusteko abagunea izango da: irailaren 28an, Two Much Circus taldearen Double Bill; Bilboko Udal Txistulari Banda eta Anduriña Zurutuza-Txistuarekin algaraz. Irailaren 29an, Markeliñe taldearen Chef Nature; Aukeran Dantza Taldearen Aiurri; Nimú Cia-ren Jacuzzi. Irailaren 30ean, Ido Loca Cia-ren  ¡Qué circo de mujer!, eta azkenik, Zirkozaurrek Kobr3 pieza egingo du.

Ikuskizun eta konpainiei buruzko informazio guztia esteka honetan kontsultatu daiteke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button