ARTEA

Espazioari buruzko esku-hartze artistikoak

Juan Pablo Orduñez artista madrildarrak (Mawatres goitizenaz ezagunagoa) espazioari buruzko bere esku-hartze artistikoak bildu ditu Hasta la bandera erakusketan. Bilbao Arteko erakusketa aretoan izango dira bere proposamen artistikoak uztailaren 11ra arte.

Bilbao Arteko 2013ko artista egoiliarra izan den Juan Pablo Orduñez epaimahai batek aukeratu du, Hasta la bandera bere sorkuntza-proiektua erakusteko aukera izan dezan.

Bilbao Arte Fundazioak igorri digun oharrean azaltzen da zertan den erakusketa hau: “Hasta la bandera proiektua leku batean interbenitzea edo bertan partehartzearen desberdintasuna agerian utzi nahi du. Hitzek balio galtzen duten testuinguru sozial batean, eta lengoaia militarra artean zein politikan berdin agertzen den testuinguruan, definitzeke dauden kontzeptuen ekuazio honetatik abiatzeko helburua dago. Interbentzioa disziplina bezala ulertzeko ideologiatik, proiektu hau berkodifikaturiko testuinguruari buruzko ikerketa bat bezala aurkezten da. Abiapuntu bat planteatzen da, baina ezin da proiektuaren bukaera definitu, ezezaguna baita”.

Erakusketa bi ataletan banatuta dago. Bere esku-hartze artistikoen lekuko dira Bartzelonako Sant Romà de Sau herria eta Bizkaiko bost deiadar-mendiak. Gaur egun, Sant Romà de Sau bi aldiz abandonatutako herria da: herri zaharra Francoren garaian eraikitako urtegi baten azpian dago, eta haren ordez eraikitakoan ez da inor bizi dagoeneko. Errealitate hori erakusteko, Orduñezek eliza zaharraren erreplika bat, bideoak eta puntzoiaz tentu handiz landutako argazkiak bildu ditu.
Bigarren zatian, Orduñez Gorbeia, Oiz, Sollube, Kolitza eta Ganekogortako gailurretara igo da musikari eta kantarien konpainian, Batzar Nagusietara dei egiteko tradizio zaharra eraberrituz.


Juan Pablo Orduñez artista madrildarraren Arte Ederretan Lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hainbat erakusketa egin ditu: Banderas Negras Gasteizeko Espacio Zuloan (2012) eta Galiziako Kaldarte Caldas del Reis-en (2013) edo No como picante Beijingeko Ma Studion, Txina (2011), beste askoren artean. Erakusketa kolektiboak egin ditu Leon-eko MUSAC-en, Guggenheim Bilbao Museoan edo Sicart Galerian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button