MUSIKA

Errobi, Izukaitz eta Roberto C. Meyer, “Izar & Star” zikloan

Izar & Star zikloan parte hartu ohi duten talde eta artistek euren talde edo disko kutunen kantuak moldatu ohi dituzte. Ziklo horren baitan hamaika taldek parte hartu dute: Capsula, Mursego, Txuma Murugarren eta Last Fair Deal, besteak beste. Bada, bihar ziklo horren zazpigarren denboraldia itxiko da, Bilboko Kafe Antzokian, Anje Duahalde vs. Errobi, Igelaren Banda vs. Izukaitz eta Alpha 60 vs. Roberto C. Meyer emanaldiekin.

Itxiera-jardunaldi hori 20:15ean hasiko da, goiko solairuan, Alpha 60 taldeak Roberto C. Meyer musikari nafarraren omenez egingo duen kontzertuarekin. Meyer ezinbesteko erreferentzia izan zen 1990eko hamarkadako Iruñeko rock eszenan, The Brillantina’s, The Glitter Soul eta Beautiful Losers taldeetan aritu zen, besteak beste.

2016an hil egin zen; Alpha 60, hain justu, Robertok abiatu zuen azken egitasmo musikala izan zen. Iruñeko Nebula tabernak azken proiektu horretako kantuak bildu ditu aurten, Roberto C. Meyer & Alpha 60. Shelter from the dark izenburuko LP bikoitzean. Nafarrak askotariko musikak maite zituen: Australiako rock zingiratsua, Frantziako pop kantariak, Bowie… baina azken proiektu horretan country giroko kantu lasai eta ilunak bildu zituen. Hala, Alpha 60 taldeak kolaboratzaile berezie laguntza ere izango du: Rober! (Atom  Rhumba), Gari (Ornamento y Delito), Manu (Los Tupper) eta Charlie Mysterio.

Kontzertu horren ostean, 21:30ak inguru, Kafe Antzokiko solairu nagusian, Anje Duahaldek Errobi taldearen kantuak joko ditu, eta gauza bera egingo du Igelaren Bandak Izukaitz taldearen doinuekin.

Informazio gehiago: kafeantzokia.eus.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button