
Bizkaiko Foru Aldundiak Lourdes de la Villaren (Burgos, 1970) Sueño del Observador izeneko erakusketa aurkeztu du gaur goizean, Rekalde Aretoan, barriek 2014 programaren barruan. Programa hori Bizkaiko Foru Aldundiaren sormen artistikoko bekak jaso dituzten artisten lanak erakusteko sortu da.
Sormenerako beka horiei esker egiten diren proposamen artistikoak erakusten dira Rekalden. Sei erakusketa indibidual izango dira guztira, eta horri esker, Foru Aldundiaren laguntzarekin beren lan plastikoa garatzeko aukera izan duten artista sorta baten lanak erakutsiko zaizkio publikoari. Iranzu Antonaren erakusketak abiatu zuen egitasmoa urtarrilean, eta horren atzetik, Taxio Ardanazena etorri zen. Gaur berton, Lourdes de la Villaren lanak aurkeztu dira eta honen ostean, Mikeldi Perez, Iker Serrano eta Alvaro Gil artisten lanak paratuko dira Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan.
Bregenz hirian ateratako argazki batzuk izan dira lan kontzeptualaren oinarri. Atmosfera mentala sortu nahi izan du lan honekin: “argazki bat hartzen dut, moztu eta horren gainean Photoshop programa erabiliz, aldatu egiten dut nik nahi dudan paisaia mentala lortu arte. Gero mihise edota paperaren gainean serigrafiatzen dut”.
Lan horren bidez memoria nola eraikitzen den ikertu nahi izan du artistak, “honela identitate bat sortu nahi izan dut, geure burua ezagutzeko tokia izan dadin, eta era berean, beste modu batean ohartuko ez ginatekeen informazioa lortu ahal izateko”.
Lourdes de la Villa Arte Ederretan lizentziatua da. 2011n Doktoregoa lortu zuen. Hurrengo urtean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusmen Arteen beka jaso zuen. Urte honen hasieran, Mexikoko Unibertsitate Nazional, Autonomo Arte Plastikoen Eskolan hiru hilabete eman ditu ikertzaile gonbidatu gisan.