Jakiundek eta San Telmo Museoak antolatuta, urrian, Demografia erronka: migrazioak izeneko zikloa abiatuko da, eta bertan, hiru solasaldi eta erakusketa bat bilduko dira.
Sarritan, emigranteen presentzia eztabaida-gai bihurtzen da, politizazioaren eta kriminalizazioaren mende dago, baina bere gizarteratzea funtsezkoa da Euskal Herria inklusiboa eraikitzeko. Gai horretan sakontzeko, hiru saioko zikloa antolatu da, eta gaur, urriak 10, lehen zita izango da: Inmigrantes en el sistema educativo (Francisco Luna eta Amelia Barquín hizlari). “Hezkuntza da edozein gizarte eraikitzeko oinarria. Herrialdeek gizarte ekitatiboak, osasungarriak eta oparoak eraikitzeko egin dezaketen inbertsio bakarra da. Giza Eskubideen Deklarazioaren arabera, Denok dugu hezkuntzarako eskubidea, baina hezkuntza ez da soilik giza garapenerako eskubidea, baizik eta pasaporte bat, ateak irekitzen dituena eta aukerak eta askatasunak zabaltzen dituena.” Testuinguru horretan, migrazioak erronka dira, bai hezkuntza- sistemarentzat, bai sistemara iristen diren haur eta gazteentzat.
Baina hitzaldiez gain, Gari Garaialderen argazkiek osarturiko …eta bidean Irun, emakume migratzaileen inguruko erakusketa ikusgai izango da 30era bitarte. Argazkilariak bidea egiten ari diren emakumeengan jarri du arreta bereziki. Berak azaldu du, ondo azalduta gainera, erakusketaren zergatia: “Irun muga-hiri denez, pasa-bide edo pasa-hiri da. Zaharrak dira Bidasoa ibaiaren alde batetik bestera jendea modu irregularrean pasatzen zela kontatzen duten lehen istorioak. Gaur ere, pertsona migranteen trantsito bidea izaten jarraitzen du. Zaila da bidea ezkutuan eta poliziengandik iheska egitera behartuta daudenentzat. Kondizio horietan egindako bidaiak jendea jan egiten du. Ez da erraza bidea. Ez da erraza gizonentzako, eta ez da erraza emakumezkoentzako ere; baina emakumeek ere bidea egiten dute. Bakarrik batzuetan, haur txikiekin besteetan, taldean, bidean ezagututako beste emakumeek lagunduta edo gizonen artean nahasian, baina bidea egiten dute. Badugu joera pentsatzeko bidea gizonek irekitzen dutela, eta atzetik ekartzen, erakartzen ditugula emakumeak, baina ez da egia. Emakumezkoek ere egiten dute bidea eta gizonezkoak bezala, jaioterria utzi eta bizitza hobe baten bila irteten dira ahaide edo ezagunen batek lehenago egin zuen bideari jarraituz. (…)
Erakusketa hau bidea egiten duten emakume horiek ikusgarri egiteko saio bat da. Nire asmoa ez da emakumezkoak zein indartsuak diren erakustea. Argi dut mundu bat dela bakoitza, eta neskato indartsuak bezainbeste izango dira bideari beldurrez beteta ekiten diotenak. Ni ez naiz nor haien ausardia goratzeko, ez baititut maila horretaraino ezagutu; ez dut epika faltsu bat jarri nahi mahai gainean, baina ez ditut modu paternalista batean epaitu nahi. Ikusgarri egin nahi ditut, besterik ez. Jaioterria utzi eta Europara abiatzen den migrantea imajinatzen dugunean, geure buruan sortzen dugun mutil gazte ausartaren estereotipoa dantzan ipini, eta emakumezkoak ere badirela erakutsi nahi dut.”