IKUS-ENTZUN

Hasi da Zinemakumeak gara! jaialdia

Atzo hasi zen Bilbon Zinemakumeak gara! jaialdia, emakumeek zuzendutako zinemaren erakustaldia. 1996tik urtero ospatuz joan den zinema jaialdi honen programak filmak baino gehiago eskaintzen ditu: proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak eta sektoreko funtsezko figurei omenaldia egingo dien inaugurazio-gala bat, atzo ospatu zena. Urriaren 31ra arte emakumeek egindako ikus-entzunezko proiekzioez gozatu ahal izango da Bizkaiko hiriburuan.

Inaugurazio-galan, Maria Urcelay aktoreak aurkeztu zuena, bi sari garrantzitsu eman ziren:  Simone de Beauvoir sariak Alauda Ruiz de Azúa eta María Ripoll zinemagileen ibilbidea goraipatu zuen. BIHARGI sariak aldiz, Al Borde Films ekoiztetxearen sortzaileak saritu ditu aurten, Sara Blanco Pérez, Marta Gómez Calderón eta Paula Iglesias Rodríguez hain zuzen ere.

Proiekzioen sail nagusia, “Pantalla Grande/Pantaila Handia”, urriaren 28tik 31ra egingo da, Azkuna Zentroan dauden Golem zinemetan. Duela gutxi hainbat zinema-jaialdi ospetsutan (Cannes, Locarno, Berlin, Seminci, Donostia) estreinatu eta lehiatu diren nazioarteko zinema-lan berrien hautaketa zainduari esker, ikus-entzuleek proposamen interesgarri hauekin gozatu ahal izango dute: Lucrecia Martel zuzendari argentinarraren Nuestra tierra dokumental irrikatua; Sophy Romvariren Blue Heron; Mascha Schilinskiren Sound of Falling, eta Shih-Ching Tsou taiwandarraren La chica zurda. Gainera, Put Your Soul on Your Hand and Walk filmaren estreinaldia barne hartzen du hautaketak. Film honek Palestinako gatazkaren ondorio suntsitzaileen lekuko zuzen bihurtuko du ikuslea, Sepideh Farsi zuzendari irandarraren eta Fatma Hassona kazetariaren arteko bideo-deien bidez.

Egitaraua osatzeko, Saio Berezi bat egingo da urriaren 30ean BBK Aretoan. Eva Libertad zuzendariaren Sorda filma proiektatuko da, emakume gor batek amatasunaren aurrean dituen erronkei buruzkoa.

Sarrerak Zinemakumeak gara! web orrialdean eskuratu daitezke.

Show More

Related Articles

Back to top button