
Arriaga Antzokiak Tennessee Williamsen klasiko bat hautatu du eszenara eramateko: Kristalezko zooa. Mikel Losada, Ione Irazabal, Arnatz Puertas eta Miren Gaztañagak osatzen dute antzeztaldea.
Pieza martxoaren 21etik 23ra arte eskainiko da Arriaga Antzokiko Kepa Errastik egindako euskarazko bertsioarekin. Hortaz, klasiko handi bat euskaraz ikusteko aukera paregabearen aurrean gaude. Gaztelaniazko bertsioaren estreinaldia bi aste geroago izango da, apirilaren 3tik 6ra, antzezle berberekin.
Tennessee Williams idazlearen bere lehen obra handia izan zen. Jorratzen dituen gaiak, “hauskortasun emozionala, desira eta sexualitatea, fantasia eta errealitatea, alienazioa eta isolamendua, familia-arazoak eta gizabanakoen barne-borroka” dira, beti ere, metaforaz jositako mintzaira aberats eta iradokitzaile baten bidez. Azpimarratzekoa ere bada “gizatasun harrigarriko pertsonaiak sortzeko zuen maisutasuna, beren kontraesanekin, akatsekin eta bertuteekin batera”.
Arriaga Antzokiaren produkzio berriaren muntaketa zuzentzeaz gain, Natalia Menéndez Tennessee Williamsen maisulana egokitzeaz arduratu da, eta esan dugun moduan, euskarazko bertsioaz, Kepa Errasti arduratu da.



