
Iragan igandean inauguratu zen Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren XI. edizioa, zeinak larunbatera arte iraungo duen. Hala, gaur bertan lau emanaldi izango dira Iruñeko Baluarten.
Hasteko goizeko 10:00etan, eta Sail Ofizialaren baitan, Waste No.2 Wreck (Jan Ijäs) eta Treblinka (Sérgio Tréfaut) lana pantailaratuko dira. 12:30ean, bigarren saio bat izango da, hori ere Sail Ofizialaren barruan: Colombi (Luca Ferri) eta The Host (Miranda Pennell).
Arratsaldean, halaber, bi emanaldi izango dira ordu berean, 17:00etatik aurrera: Picasso (Luciano Emmer) eta Incontrare Picasso (Luciano Emmer), biak ala biak Luciano Emmer zinemagile milandarraren (1918-2009) omenez egindako atzera begirakoan.
“Atzera begirako horrek Luciano Emmer-en arteari buruzko zinemara hurbilpen bat planteatzen du diptiko gisa: hiru saio racconto-tik entsegura igarotzea azaltzeko; pinturaren dramatizaziotik azken hogei urteko arteari buruzko zinema-entsegurako bere hasierako proposamenera, forma dokumentalak ahotsa lehenengo pertsonan duela aztertzea erabakitzen duenean, bere aurreko zinema esplizituki birpentsatuz eta aipatuz”.
Beste emanaldia Mothlight (Stan Brakhage), Papillon d’amour (Nicolas Provost) eta Le Battement d’ailes d’un papillon (Aleksandr Balagura) filmek osatuko dute, Hegan atalaren barruan.
Jaialdiaren bestelako atalak hauexek dira: Bosgarren horma zikloa; Heterodoksiak atala, Jorge Oteizari buruzkoa; X Films egitasmoa, hiru zinegile gazteren lan apurtzaileekin eta emanaldi bereziak. Saio berezi horiek barruan hauexek aurkeztuko dira: Luce Vigori omenaldia; Alain Fleischer: Bi erretratu; Pilota-arratsaldea eta Chez les basques.
Informazio guztia: puntodevistafestival.com.



