ESZENA

“Zazpi aldiz elur”, Laboaren omenez

Tatantaka Teatro konpainiak Zazpi aldiz elur (Mikel Laboa elurretan) izenburuko diziplina anitzeko ikuskizuna aurkeztuko du, Donostiako Antzoki Zaharrean, otsailaren 15ean eta 16an. 

Ikusgarria Iñaki Salvador (pianoa), Angel Unzu (gitarra), María Berasarte (ahotsa), Mireia Gabilondo (zuzendaria eta aktorea), Iñaki Rikarte (aktorea) eta Bernardo Atxagak (testua) ondu dute.

Honela dio obraren sinopsiak: “Zazpi Aldiz Elur (Mikel Laboa Elurretan), lagun arteko bilgune baten antzeko zerbait da; denok daukagu, gure gogoan neguko gau elurti batean bizi izandako pasadizoren bat seguruenik; leihoetatik sartzen den argi-zuriaren reflejoak adierazten digu elurrez inguraturik gaudela…”.

Bada, proiektuak Atxagak Erlea aldizkarian idatzitako Laboari buruzko Zazpi aldiz elur izeneko testuan du abiapuntu. Hala, obran poesia, musika eta antzezpena uztartzen dira. Horrekin batera, azpimarratu behar da Zumetak egin duela ikuskizunaren kartela. Musikari dagokionez, Laboaren eta beste artista batzuen piezak tartekatuko dira.

Lana zazpi ataletan egituratzen da, eta atal bakoitzean Laboarekin lotuta alde bat jorratzen da; elurra zazpi atalak lotzen dituen haria izango da. Antzezlanaren zuzendariaren arabera, emanaldietara hurbilduko direnek Laboarekin berriro aurkitzeko aukera izango dute, bai eta artista oso pertsonal eta aske bat ezagutzeko parada ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button