ESZENA

Dantza Garaikidearen Zirkuituaren VIII. edizioa

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatutako Dantza Bultzatuz programaren eskutik eta Antzoki Publikoen Sareak koordinaturik, Dantza Garaikidearen Zirkuituak zortzigarren edizioa beteko du aurten. Gaur goizean, Mikel Toral, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak; Iñaki Larrañaga, Elorrioko antzokiko programatzaileak eta Sareako ordezkariak eta Olatz de Andrés Koreografoak, zirkuituaren nondik norakoak eman dituzte horretarako propio egin den prentsaurrekoan.

Urte osoko programazioa da eta Euskal Herriko hainbat txoko bisitatuko ditu, obra sorta zabal eta heterogeneoa aurkeztuz. Hala, Dantza Garaikidearen Zirkuituak ez du hil batean ere atsedenik hartzen eta urtean osoan zehar jarriko dira martxan askotariko obrak, gure geografiako toki askotan, eta ez da abendura arte amaituko.

Hasieran antzoki gutxik hartu zuten parte ekimenean, baina gaur egun 21 herrik bat egiten dute proposamen artistiko honekin, haien artean, Arrigorriaga, Barakaldo Gernika, Gasteiz, Zornotza, Elorrio,Donostia, Andoain, Lasarte-Oria, Irun,…

“Dantzaren inguruko ekimen honek hazkunde nabarmena bizi izan du eta gero eta gehiago dira dantza ikustera hurbiltzen direnak”, aipatu du Mikel Toralek. Izan ere, duela sei urte programatutako ikuskizunak dozena erdi ere ez ziren eta edizio honetarako ostera, 59 aurreikusi dira. Horrek agerian uzten du ekimenak lortutako arrakasta.

Ekimenaren helburuak honakoak dira, beste batzuen artean: euskal konpainiei beraien lanak erakusten laguntzea, sorkuntza sustatzea, herri txiki zein handietako antzokiek dantzaren inguruan ahalik eta ikusle gehien erakartzea, dantza garaikidearen korrontea garatzea, areto berrien partaidetza sustatzea eta aurrekoena egonkortzea, ikuskizunen katalogoa handitzea eta ekimenaren zabalkundea hobetzea, eta konpainia eta publikoaren arteko komunikazioa indartzea.

Anakrusa, Argia taldea, Aukeran, Calamar teatro, Cobosmika, Elirale, Dantzaz, Eraiki, Ertza, Kresala, Kukai, M. Urdangarin-Traspasos, Nats Nus, Organik, eta beste talde batzuek hartuko dute parte Dantza Garaikidearen Zirkuituaren VIII. edizio honetan.

Gehiago jakin nahi baduzue hemen daukazu nora jo.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button