ESZENA

“Danbor talka”, kulturen uztardura

“Sormen bidaia bat, bidaide askorekin, eta lortu beharreko portu bat: Lekeitio”. Horrela azaldu du Lekeitioko kale-antzerki nazioarteko jaialdiko zuzendari artistikoa den Omanol Agirrek, uztailaren 11 eta 12an, estreinatuko den Danbor talka lanaren izpiritua. Gaur goizean, Frantziako Institutuan aurkeztu da obra hau.

Bi jaialdi bildu dira hemengo ekimenean: Lekeitio eta Libourne, eta era berean bi antzerki konpainia: Deabru Beltzak eta Commandos Percu. Eta hori guztia ikusgarri egiteko, hiru udal: Lekeitio, Bilbo eta Libourne.

Sinergia honetatik guztietatik, Danbor Talka-Le Choc des Tambours izeneko produkzioa ikusgarria sortu da, eta bere entsegu berezia, bihar bertan, 19:30ean ikusi ahalko da, Bilboko Inauterien amaieran.
Hilabete batzuk geroago, uztailean (11, 12 eta 13), Lekeition estreinatuko da ikuskizun harrigarria, aurten 25. urteurrena betetzen dituen Lekeitioko kale-antzerki nazioarteko jaialdiaren barruan. Eta gero, Europa mailan gertakari garrantzitsu bilakatuko den ikuskizun honek munduari bira emango dio, eta beste hainbeste portu bisitatuko ditu:  Bilbo, Libourne, Brest, Chalon Jaialdia, Touluseko Jaialdia, Fest´Arts, eta abar.

Deabru Beltzak eta Commandos Percu taldeen arteko miresmena aspalditik dator. Mugimendua, erritmoa eta sua beti izan dira komunak konpainia hauentzat, bakoitza bere kultura eta historia edukita. Hurbiltzeak ez du desberdintasuna kentzen baina alderantziz, talka sinbolikoak energia sortzen du. Formen estetika, sorpresaren artea, su artifizialak, eta mugimenduan hurbiltasuna da bilatzen dena.

Ikuskizunak 45 minutuko iraupena du. 25 minutuz dena mugitzen da, ikuskizuna ibiltaria da, eta beste guztia gailu eszeniko batean gauzatzen da. Guztira 14 pertsonaren lana, ikusgarri musikari-pirotekniko bilakatzen da. Suzko-danborrak, koloreak, pausu biziak, erritmo sakonak, koreografia izugarriak, su artifizialak, bonbo erraldoiak, efektu ikusgarri asko, horretarako propio egindako makillaje eta jantzi bereziak. Hori guztia Danbor Talka obra harrigarrian.

Ekimena hau Akitania-Euskadi, Etxepare institutu, Frantziako Institutu, Bizkaiko Diputazio, Bilboko Udala, Lekeitioko kale-antzerki nazioarteko jaialdi, eta beste eragile askoren bultzadarekin gauzatu ahal izan da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button