
Zinema Gaur 17 izenburuko zikloa hasiko du gaur Gasteizko Montehermoso zentroak, Ortuño aretoan, 19:30etik aurrera, Tabu filmaren proiekzioarekin (Miguel Gomes, 2012). Miguel Gomes zinegile portugaldarraren Tabu lanak Afrika kolonizatuan gertatutako amodio afera kontatzen du. Zuri beltzean filmatua, eta ia elkarrizketarik gabekoa, film malenkoniatsua da. Zinema mututik oso gertu dago.
Zuzendariaren esanetan, “Portugalen bizi diren mozambiketarrekin prestatu nuen filma. Kariño harreman bat dago Tabú-ren eta pertsona horien artean. Saudade handia, maitasun handia”. Pelikula erromantikoa da, baina kolonialismoaz gordin hitz egiten duena: “Krokodilo batek esploratzaile bat irensten duenean hasten da; portugaldarren bizileku den eta beti lainopean dagoen etxebizitza bloke baten mikrokosmosa erakusten du Gomesek. Horren ondoren irekitzen dio bidea bi pertsonaren arteko maitasun istorioari”.
Zikloa ondoko film garaikideekin osatuko da: urriaren 16an, Taxi Teherán (Jafar Panahi, 2015); 23an, La Muerte De Luis Xiv (Albert Serra. 2016); 30ean, Antes Sí, Ahora No (Sang-soo Hong, 2015); azaroaren 6an, La Bella Durmiente (Adolfo Arrietta, 2016.); 20an, El Abrazo de la Serpiente (Ciro Guerra, 2015); 27an, Niñato (Adrián Orr, 2017).
Informazio gehiago: montehermoso.net.