Soraluzen berriz agertuko da blues, jazz eta horrelako doinu beltzekiko zaletasuna Blues Hotsak jaialdiari esker. Azaroaren 19tik 28ra bitartean gauzatuko da Gipuzkoako herri horretan. Pandemiari aurre eginez bi urte bete ditu jadanik Blues Hotsak jaialdiak, hortaz, aurtengo azaroan III. ekinaldia izango da programa aberatsarekin.
Urteak dira musika mota horien inguruko jaialdiak eta kontzertuak antolatzen direla Deba bailarako herrietan (Debajazz jaialdia, Ibetondoko jazz jaialdia, Jazz-Blues zirkuitua…). Musika hauek argitaratzen duen diskoetxea ere sortu zen orain 25 urte, Soraluzen.
Musika eta irudiak tartekatuko dira bertan, eta aurten ere emakumeak dira programazioan nagusitzen direnak. Lehen egunean, gaur berton, Watermelon Slim Blues Band arituko da. Ibilbide txundigarriaren jabea, Watermelon Slimek hamazazpi izendapen jaso zituen Blues Music Awards sarietarako. Artean BB King, Buddy Guy eta Robert Crayk bakarrik lortu zituzten. Watermelon Slim da sari hori bi aldiz lortu duen bakarra. Bere lehen disko antibelizista, 1973an grabatu zuen, Vietnamgo gerratik itzuli ondoren. Etxeratu zeneko gerraren aurkako Vietnamgo Beteranoak elkartean inplikatu zen, eta egin zituen abestien letrek drogen erabilera, esplorazio espirituala eta fikziozko etsaien aurka borrokatzearen ondorio emozionalak islatzen dituzte. Watermelon Slimen emaitzarik berriena Delta Blues estiloan errotua dago, dobrea belaunen gainean eta slide moldez jotzen duela. The Workers da bere talde laguntzailea.
Hurrengo kontzertuak honako bandekin egingo dira: 20an, Izo Fitzroy Band; 21ean, Eunice Tribute to Nina Simone´s music; 25ean, Janis: Little girl blue filma; 26an, Niko Etxart & Hapa Hapa ; 27an, Koko-Jean & The Tonics; eta 28an, Musika Eskolako lagunak arituko dira.
Informazio guztia Blues Hotsak jaialdiak dauka.