ARTEA

“Bilduma, Ikusgai” programa, Artium Museoan

Artium Museoko Bilduma, ikusgai programak “bildumako lan esanguratsuenen txandakatzea proposatzen du museoko biltegietan gordeta dagoen ondarea ikusgai jartzeko”.

Artium Museoak, bere bildumako lanen aukeraketa berria egin du eta aurkezpen berri honetan, Ángela de la Cruzen, Ángeles Marcoren eta Patti Smithen lanak gehituko dira. Hiru artista horien lanak egongo dira ikusgai irailera arte aurretik jarrita zeuden beste lan hauekin batera: Susana Solanoren Mort d’ Isolda (1987) eta Cristina Iglesiasen [Sin título] (Hojas de eucaliptos I) -Izenbururik gabe-Eukaliptoen hostoak I- (1994).
Eskultura garaikideko bi artista esanguratsu dira eta, “XX. mendearen amaieran, obraren, ingurunearen eta arkitekturaren arteko loturak arakatu zituzten eskultura bolumen gisa bakarrik aztertu beharrean, espazioarekin, ikuslearen gorputzarekin edo denborarekin lotutako gailu gisa jorratzen dituzten proposamenekin batera”. Hain zuzen ere, horixe bera gertatzen da lan hauetan: Julia Spínolaren Silex Margiela (2023), Katinka Bocken Segment with unknown radius (2021) eta Albert Peralen Tubo I (2021).

Lan berri horiek honako hauek dira: Ángela de la Cruz. Stuck [Trabatuta], 2004. “Bere margolanaren gainazalak kontu handiz landu eta amaitu ondoren, artistak bihurritu eta tolestu egiten du, zuzen eta zurrun mantentzen zuen horretan esku hartuz: euskarrian, alegia. Horri esker, margolana hiru dimentsioetara eramaten du”. Ángeles Marco. Ventana (Contraventana), 1983. Bertan, “burdinan landutako eraikuntza-oinarri batetik abiatuta, egileak arkitekturari lotutako irakurketa figuratiboak ematen dizkie bere lanei.”
Patti Smith. Polaroids, 2008. Abeslari, konpositore, poeta eta ikusizko artista horren 17 argazki biltzen ditu. Aurkezpen honek 2008an Smithi eskainitako erakusketa zela eta Euskadira egindako bidaian zehar artistak ateratako 17 argazkietatik 11 jasotzen ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button