ESZENA

Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia hastear

Azaroaren 16tik 24ra bitartean garatuko den Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren 43. edizioa jarduerez beterik dator aurten. Jaialdiaren helburua arte eszeniko hau sostengatzen duten talde artistikoei ikusgarritasun leiho bat zabalik mantentzea da.

Antolatzaileek adierazi dute aurtengo edizioa nola datorren: “Aurtengo edizioan, itsasoari begiratuko diogu, gerratik ihes egin zuten milaka haur euskaldunentzat bide izan zen elementu zabal eta misteriotsu horri, gaur egun ere babesleku eta bizimodu berri baten bila dabiltzanentzat bide arriskutsua denari. Bere zeharkaldia balearen irudiarekin sinbolizatzen dugu, zoritxarraren erdian askatasuna eta itxaropena irudikatzen dituen izakia. Baleak, migrazioaren eta biziraupenaren historiei lotuta, oroitzapenaren eta memoriaren botereari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu.”
Ondu duten programazio aberatsaren bidez “erresilientzia, identitatea eta giza espirituaren indarra bezalako gaiak aztertuko ditugu. Bidaia honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu, non antzezpen bakoitza aukera bat izango den bizipen horiekin konektatzeko, bake eta itxaropen elkarrizketa batean.”

Parte hartuko duten taldeen artean  badaude The Fifth Wheel alemaniarra, Di Filippo Marionettes italiarra, Compagnie Alinèa frantziarra eta Maleta Company & Cía Balancetoi irlandarra, Minusmal, A la Sombrita, Eugenio Navarro, Carlos Gallardo eta Guillem Albà estatuko talde enblematikoekin batera, baita Euskal Herriko konpainien erakusketa interesgarri bat ere (Bego Alabazan, Pantzart, La Enana Naranja, Rosa Martinez eta Picuentos Bilboko udal txistulari bandarekin eta Garazi Navas akordeoilariarekin).

Jarduerak Otxarkoaga-Udaltegiko aretoan izango dira, eta Txotena Gunean, titiriteroen topagunean. Beste espazio batzuetan ere garatuko dira ikuskizunak, hala nola, Deustuko La Fundición aretoan, eta eskola-emanaldiak Otxarkoaga, Basurto eta San Frantziskoko auzoetan. Beste askotan egin den bezala, jaialdia Bizkaiko beste herri batzuetara ere iritsiko da, tartean, Basauri, Arrigorriaga, Muskiz, Lezama, Larrabetzu, Derio, Areatza eta Natxitua.

Gozatu beste urte batez txotxongiloez, bai eta prest dagoen programazioaz eta jarduerez ere, azaroaren 16tik 24ra arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button