ARTEA

Bi basauritar Albaceteko Arte Plastikoen Bienalean

Albaceteko Arte Plastikoen XI. Bienaleko epaimahaiak Koldo Etxebarriaren Belleza más allá de las formas eta Luis Miguel Gómez El gran testigo margolanak hautatu ditu. Biak ala biak Basauriko artistak dira. Albaceteko bienala hil honetan egingo da hiri horretako udal museoan.

Bienaleko epaimahaikideak hauexek izan dira: Antonio López (pintorea), Guillermo Solana, (Thyssen Museoko zuendaria), Julio López Hernández (eskultorea) eta Luis Mayo (pintorea eta Madrileko Universidad Autonomako irakaslea).

Luis Miguel Gómezen arabera, El gran testigo obran zalantza metafisiko bat sortzen saiatu da. “zehaztasuna baino gehiago irudikatuko lukeen zerbait. Ehundurak, itzalak, kolorea horren zerbitzura daude. (Obrak) paisaia begiratzen duen pertsonaiaren barruko bizitza irudikatzen du. Eszena misteriotsu horrek, erakutsi baino iradoki egiten du…”.

Bestalde, Koldo Etxebarriak gizakiaren errealitate metafisikoari buruzko gogoeta gisa hartzen du bere ikerketa plastikoa, eta ikerlan horren baitan kokatzen du Belleza más allá de las formas obra. Horrela, bere obran pintore metafisiko, filosofo klasiko eta pentsalari garaikideen ondarea uztartzen ditu.

“Errealitate metafisiko hau gizakiaren barruko gune batean dago. Gune horretan, gainera, edertasun metafisikoa, maitasuna eta gozamen poetikoa bizi dira. Gune hori ideologiak, hausnarketa arrazionalak, kontzeptuak eta emozioak dauden zonaldearen atzean dago”.

Bere lanetan, isiltasunezko espazioak, arkitekturek zedarrituak, gizairudia biltzen eta babesten dute lasaitasunezko atmosfera batean, non hiriko espazioak blaitzen dituzten argitasunak eta koloreak gizakia eta inguruaren arteko armonia sortzen duten.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button