Lelo horrekin, eta Ondarearen Europako Jardunaldien 24. edizioaren esparruan, Bizkaiko Foru Aldundiak tokiko ondarea ezagutzeko gonbita luzatuko du beste behin. Ondarearen Europako Jardunaldiek “gizartea sentsibilizatu nahi dute kultura-ondarea ezagutzeak, baloratzeak eta babesteak duen garrantziaz”.
Ekimenak 200 ekitaldi baino gehiago egingo ditu urrian lurraldeko 72 udalerritan, kultura ondareko programarik garrantzitsuena ontzeko. Aurtengo egitarauak bisita gidatuak, ibilbideak, erakusketak, hitzaldiak, kontzertuak, dokumentalen proiekzioa, tailerrak eta hezkuntza jarduerak bilduko ditu.
“Ibilbide historiko gehienak oinez egingo dira, baina itsasontziz ere zeharkaldi bat egiteko aukera egongo da, itsasbideek Bizkaiko historian izan duten garrantzia erakutsiz. Edizio honetako formaturik ohikoena ibilbide gidatuak izango dira, udalerri bakar batetik edo hainbat herri lotuz egingo direnak. Bide eta galtzada zaharretan zehar, baserriak, zubiak, ermitak, errotak eta burdinolak, kargategiak… bisitatuko ditugu. Gainera, hitzaldiak eta solasaldiak, liburuen aurkezpenak, dokumentalen proiekzioak, kontzertu didaktikoak, tailerrak eta erakusketak egingo dira”.
Musika ere egitarauaren parte izango da, kontzertu didaktikoekin: “organo modernoari eta horrek euskal musikan duen eraginari buruzko hitzaldi-kontzertua, Diego de Amezua Bizkaiko Organoaren Lagunen Elkarteak antolatua. Edo Lekeition egingo dena, Musikenek antolatuta, Buenaventura Zapirain konpositorearen irudiari eta Lekeitioko musika-bizitzan izan zuen eraginari buruzkoa”.
Beste jarduera batzuek bizitza istorioak bilduko dituzte. Sestaoko adinekoen egoitzan, tokiko historian sakonduko duten bizi-kontakizunak partekatuko dira.
Ondarearen Europako Jardunaldien edizio hau ehun erakunde baino gehiagoren lankidetzarekin antolatu da, eta jarduera guztiak doakoak dira.
Programa osoa www.ondareabizkaia.eus webgunean dago eskuragarri.