
Bilboko Udalak Gizazinea programaren beste edizio bat abiatuko du bihar, ostiralean, San Frantziskoko Udaltegian, Bidebarrietako Liburutegian, BilbaoArten, eta Ibaialdeko eta San Adriango liburutegietan. Programa martxoaren 31ra arte luzatuko da, eta gizarte errealitatera hurbiltzeko aukera emango dieten film laburrak eta luzeak, solasaldiak, musika eta beste arte proposamen batzuk eskainiko dira.
Gizazineak arte eta ikus-entzunezkoen sormenarekin bat eginez, balioetan oinarritutako hezkuntza eta giza eskubideak, emakumeen berdintasunaren alde aurrera daramaten borroka, askatasun eza, eta bestelako gai batzuk ukitu nahi ditu zinearen, arte plastikoen, musikaren edo literaturaren bitartez, helburu argi batekin: gogoeta, solasa eta tolerantzia sustatu.
Bihar bertan, Juan Torre argazkilariaren Imágenes para tocar erakusketa zabalduko da San Frantziskoko Udaltegian. Erakusketa horrek “irudiei erliebea ematen dien inprimaketa teknika berritzailearen garapena erakusten du”. Juan Torrek %8 baino ez du ikusten ezkerreko begitik, baina hori ez da oztopo izan banakako eta taldeko erakusketak egiteko zenbait aretotan eta museotan.
Zinea ere bihar hasiko da. ZINEBIren azken edizioan ikusi ahal izan diren zenbait film laburren emanaldia programatu da 19:00etatik aurrera, San Frantziskoko Udaltegian. Hurrengo egunean, Marc Crehuetek zuzendutako El rey tuerto filma eskainiko da. Horretaz gain, Iratxe Mediavilla Elorrioko zinegilearen Argi (2016, 85´) filma, Tony Gatlifen Gerónimo, Kevin MacDonalden Marley, eta Jean-Michel Rodrigoren Federica Montseny, L’Indomptable filmak pantailaratuko dira. Gainera, edizio honek umeei zuzendutako bi animaziozko zine saio jasoko ditu, Caostica Film Labur eta Bideoklip Nazioarteko Jaialdiko film laburren aukeraketarekin.
Programari jai batekin emango zaio amaiera. Festa horretan Tode, Mudafasah Beatbox Jam Session, Aiala & DJ Mudo eta Big Sound Boy arituko dira Kremlin Aretoan, martxoaren 31n, gaueko 22:00etatik aurrera.