
Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak Bertsoaroaren 31. edizioa antolatu dute otsailaren 10etik 24ra. Bertso-zikloa Nafarroako Antzerki Eskolan, Kondestable civivoxean, Katakraken, eta Txantreako Salestarretan garatuko da aipaturiko datetan.
Bertsoaroaren lehen egunean Bertso Jaialdia antolatu da Nafarroako Antzerki Eskolan, Alazne Untxalo, Amets Arzallus, Eneko Fernandez, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin. Alaitz Rekondo arduratuko da gaiak prestatu eta jartzeaz.
Ohiko bertsoez gain bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte. Hala, otsailaren 15ean, eRRe ikusgarria oholtzaratuko dute Aner Euzkitzek, Haizea Aranak, Leire Vargasek eta Oihana Aranak. “Jendartea, oro har, dikotomien edo binarismoen baitan antolatzen dela gauza jakina da; eta mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputza, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko. Hortik abiatuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz. Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, eta antzerkiaz gain, helduentzako ipuin- kontaketak eta poesiak ere badute lekua”.
Otsailaren 17an, Gazteen Bertso Saioa antolatu dute Katakraken, Beñat Astiz, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain, Gorka Pagonabarraga, Haira Aizpurua eta Naia Arrizabalaga bertsolariekin. Bertso Jasa, Bat-Bateko Jolasa haurrentzako bertso tailerra ere ondu da, otsailaren 19an, Txantreako Salestarretan.
Otsailaren 22an, Andoni Egaña eta Xabier Lizaso piano-jotzailea bilduko dira Bederatzikoa izeneko emanaldian. “Beethovenek bederatzi sinfonia osatu zituen, nahiz baden hil zenean hamargarrena abian zuela esaten duenik ere. Bederatzikoa edo bederatzi puntukoa bertso neurri bat da, Beethovenen garaitik gaur arte iritsi dena. Pernando Amezketarrak, esaterako, erabiltzen zuen, eta Beethovenen garaikidea zen. Azken Euskal Herriko Txapelketa Nagusietan, buruz burukoaren erremate gisara, klimax unean, bederatziko bana bota behar izaten dute bertsolariek. Beethovenen obra eta bizitzari errepasoa ematearekin batera, bertsogintzan hain berezi izan den neurri horretan sortutako bertso gogoangarrien errepasoa egingo dugu”.
Azkenik, otsailaren 24, berriz Bertso Jaialdia egingo da, Nafarroako Antzerki Eskolan Eneko Lazkoz, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Saioa Alkaiza, Sustrai Colina eta Xabat Illarregi bertsolariekin.



