
Bertso Egunak berrogeita laugarren edizioa izango du datorren larunbatean. 1968tik urtero-urtero Donostian egin izan da, 1970 eta 1980 urteetan izan ezik, urte hauetan ez zen Bertso Eguna ospatu. 1995 urteaz geroztik norabidea eta helburua aldatzea erabaki zuen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak: urtero mimoz prestatutako saiakera egiten da Kursaaleko oholtzan.
Larunbatean izango da bertsozaleon urteko festa, eta egun osoko ekitaldia prestatu dute elkarlanean Donostiako Udalak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, EITBren laguntzarekin.
Hiru atal edo ekitaldi izango ditu Bertso Egunak:
12:00etan, Donostiako kaleetan, Bulebarrean, Bretxan eta Konstituzio Plazan; 18:00etan, ekitaldia Kursaaleko Areto Nagusian; eta, azkenik, 21:00etan, afaria eta festa NINEU jatetxean.
Goizekoan sei bertsolari izango dira lanean: Anjel Mari Peñagarikano, Julio Soto, Manex Agirre, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Odei Barroso. Ekitaldi nagusia Konstituzio plazan izango da, konpainiako dantzariekin batera arituko baitira.
Arratsaldeko ekitaldian hamabi bertsolari izango dira: Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Ramuntxo Christy, Jon Maia, Ander Solozabal, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Jone Uria, Andoni Egaña, Eneko Lazkoz eta Uxue Alberdi. Ekitaldian zehar artista gonbidatuak ere izango dira: Eneko Dorronsoro, Haatik dantza konpainiako dantzariak, Xabier Lizaso piano jolea eta Andoni Egaña bertsolaria, eta Markiñako Abarka antzerki taldea.
Gauean afaria izango da Nineu jatetxean, bai eta festa ere. Bat-bateko bertso saio sorpresak eta Karma taldearen emanaldia egongo da. Karma Maddalen Arzallus eta Maialen Velarde bertsolarien musika taldea da.
Animo!



