
Berako emakumeek historian zehar egindako ekarpena eta pairatutako bazterkeria agerian uzten dituen liburuaren aurkezpena, erakusketa, bisita antzeztua eta bestelako ekimenak antolatu ditu Mugerri kultur elkarteak. Urriaren 16 eta 17an lehenbiziko hitzorduak izango dira.
Urriaren 16an, proiektuaren izen bera duten liburua eta erakusketa aurkeztuko dira kultur etxeko erakusketa-gelan, 19:00etan. Liburuaren 27 ataletan Berako emakumeren istorioak biltzen dira (emakumeek Gerra Zibilean eta frankismoan, frantsestean, migrazio-prozesuetan edota sorginkeria-prozesuetan bizitakoak). Ameriketara migratutako emakumeak, maistrak, dohaintza-emaile haundiak, Nafarroan unibertsitate-ikasketak egin eta Euskal Herrian farmazian lizentziatutako lehenbiziko emakumea, idazleak, intelektualak, aktibistak, prostitutak, urkatutako emakumeak, emaginak, bentazainak edota nazien kontzentrazio-esparru batean hildako emakumeen istorioak bertan daude. Testuak Jon Abril Olaetxeak idatzi ditu, eta ilustrazioak Julia Artieda Vilak egin ditu.
Liburuaren aurkezpenaren egun berean, erakusketa inauguratuko da Berako kultur etxean, azaroaren 13a bitarte.
Gainera, emakume hauen istorioak ezagutzeko bisita antzeztuak antolatu dira. Emakume-talde batek gidatuta, Herriko Etxeko plazatik abiatuta, ordu eta erdi inguruko bisita antzeztu baten bidez pertsonaia hauetako batzuei ahotsa jarriko zaie. Bi bisita euskaraz antolatu dira, lehenbizikoa urriaren 17an, larunbatarekin, arratsaldeko 18:00etan, eta bigarrena, berriz, azaroaren 8an, igandea, eguerdiko 12:00etan.
Proiektuarekin “emakumeek egindako ekarpen soziala aitortu nahi da, ikusgarritasuna eman eta memoria kolektibo inklusibo bat sustatu”.



