BESTELAKOAK

"Dolpo Biziaren muturrean" ikus-entzunezkoa prestatu du Jose Ramon Agirre bidaiari eta alpinistak

Dolpoa XIX. mendearen hasieratik Nepalen administraziopean dago, baina, kulturari eta geografiari dagokionez, Tibeten zati banaezina da. Haren hedadura 5.000 eta 7.000 kilometro koadro ingurukoa da eta bertan 5.000 biztanle inguru bizi dira, 35 herrixka eta monasteriotan banatuta.
Nepaleko gobernuak itxita izan zuen leku hau 1956 arte, eta 1990 arte ez zuen mendebaldeko inor han sartzerik utzi. Han ez dago biderik, ez telefonorik, ez telebisiorik, ezta argindarrik ere. Ez dago ospitalerik ezta medikurik ere: jaio berrien ia erdiak hil egiten dira urtea betetzerako.

Dolpoa be-yül bat da tibeteraz, eta lurralde ezkutua esan nahi du.
Jendea bizi den munduko goi-lautadarik altuenetako bat da, altuegia euri asko egiteko.
Han arroza ez da hazten, eta beste laborantza batzuetan eta abelgintzan oso nekeza da ezer ekoiztea. Hango landaretza eta fauna Txinakoa eta Errusiakoaren antzekoak dira.
Dolpoak ardatz lana egiten du Tibet, India eta Nepalgo mendietako biztanleen artean; hala ere, kultura horietatik guztietatik aparte gelditzen da. Lurralde horren urruntasunak eta berezitasunak nortasun aparta eman diote, bere baitara bildutako izaera, kanpoko munduaren ia batere ezagutzarik ez duena. Hango uda garaia motza eta hotza izan ohi da, eta bertako zelaietan eta mendi-hegaletan bildutako uztak sei hilabeterako bakarrik asetzen ditu bertakoen premiak. Ekoizten dituzten garagarra, arto beltza eta patatak ez dira iristen bizitzeko behar den gutxienekora ere; yak-ek eta ahuntzek ere ez dute nahikoa larrerik hango negu luzeetan. Horregatik, aro hotzean gizonak hegoaldera joan ohi dira beren zamaketarako abereekin, eta komertzioa egiten dute ahal dutenarekin, arroza eta bihia eskuratzeko.

Lurralde hartara iritsi diren bisitari bakanen artean badira ikerlari batzuk, hango fauna, landaretza eta bertakoen kultura aztertzera joanak. Gehienak liluratuta gelditu ziren, bizimodu zail horrek zirrara hezurretaraino sentituz eta hala ere bertaratzen segitu zuten behin eta berriz.
Lilura eta aldi berean sentitutako zirrara horixe bera da dokumental honen proiektua.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button