MUSIKA

“Iparra Galdu Gabe” jardunaldien XI. edizioa, Getxon

Getxoko Udalak eta Euskal Kultur Erakundeak Iparra Galdu Gabe Jardunaldien XI. edizioa antolatu dute azaroan. Programaturiko ekimenen artean, musika, antzerki, literatura eta zinemaren inguruko hitzorduak antolatu dira.

Bihar bertan, azaroaren 8an, abiatuko da jaialdi erraldoia 20:30ean, Azebarri Kultur Elkartearen egoitzan, Hiru emazte kantari gogoan izeneko kontzertuarekin. Estibaliz Robles “Estitxu”, Maite Idirin eta Lourdes Iriondo emakume aitzindariak izan ziren euskal musikan. Iparraldeko beste zazpi emakume izango dira Getxon euren omenez: Maialen Alfaro, Maider Bedaxagar eta Naia Robles euren abestiak kantatzen eta Patxika Alfaro, Jackqueline Iriart, Maite Ithurbide eta Pantxika Heguiapal euren aurkezpena egiten.
Hurrengo egunean, azaroak 9, Naia Roblesek eta Oihan Delavignek Papogorri ipuin musikatua eskainiko dute, 17:00etan eta 18:30ean, Fadura Kiroldegiko areto nagusian. Egun horretan ere, 13:00etan, Jon Gorospe argazkilariaren Noraezean erakusketaren inaugurazioa izango da Benta egoitzan.

Josu Martinez zuzendariarekin solasaldiak antolatu dira, azaroaren 12an, Romo Kultur Etxean, bertan Bizkarsoro dokumentala ikusi ahal izango baita. Azaroaren 15ean, Itxaro Bordak eta Ibon RGek, Iaquin Vahu saioa egingo dute 19:00etan, Azebarri Kultur Elkartearen egoitzan. Emanaldian Bernat Etxepareren olerkiak abesti bihurtuta entzun ahal izango dira. Egun horretan, toki berean, baina 20:30ean, Bihotza Gazte bertsolarien saioa izango da, Haira Aizpurua, Xabal Illarregi, Xabier Arriaga eta Josu Landetarekin. ALBEren eksutik, gai-jartzailea Jone Uria izango da.
Azaroaren 28an, Eneko Bidegainek Bichta éder liburuari buruzko solasaldia eskainiko du, 19:30ean, Villamonteko Kultur Etxean.
Eta azkenik, Errobi taldearen 50. urteurreneko kontzertua izango da azaroaren 30ean, Muxikebarrin, 20:00etan hasita. Lehenago, hilaren 27an, 19:00etan, Anje Duhalde, Mixel Ducau eta Daniel Landart protagonistek taldearen ibilbidea errepasatuko dute Muxikebarrin eskainiko duten solasaldian.

Informazio gehiago: Iparra Galdu Gabe

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button