Artxibo biluzia da Metrokoadroka sormen laborategiaren antzezlan berriena, eta igande honetan ikusteko aukera egongo da Arte Hartze Zikloaren baitan, Aiaraldea Ekintzen Faktorian.
“Izan daiteke dokumentu bat akzio fisikoaren detonantea? Hutsik geratutako karpeta bat, antzerkiaren bidez bete daiteke?”
Obra ez dago erabat bukatuta, baina Metrokoadroka sormen laborategiko kideak publikoaren aurrean antzeztera animatuko dira. Sortze prozesua nahiko aurreraturik daukate, ia prest. Publikoarekin irekiko den solasaldia oso interesgarria izango da.
Izan ere, Arte Hartze Zikloan, ikuskizunak amaitu eta gero, sortzaileekin hitz egiteko aukera egoten da, eta ederrak izan dira une horiek. Publikoak hainbat galdera eta ekarpen egiten ditu oholtzan ikusitakoari buruz (nola izan zen sortze-prozesua, zer eragin dien, zer sentsazio geratu zaien…) eta harreman berezia sortzen da tarte horretan.
Metrokoadrokaren antzezlana igande honetako plater nagusia izango da, baina, aurretik, beste bi pieza ikusteko aukera egongo da. Batetik, Maite Aizpurua eta Mejillon Tigre Forever antzezlan piezaren testua idazten ari dira, Faktoriaren sormen bekari esker. Zatitxo bat irakurriko dute bertantxe.
Eta Idoia Hernandez pianojoleak kontzertu labur bat eskainiko du aurretik, Panpina Hautsien Dantza izenekoa.
Egitarau osoa hemen kontsultatu ahal duzue.