BERTSOTAN

Alaia Martin eta Joanes Illarregi BTN22ko finalaurrekora

Alaia Martin eta Joanes Illarregi nagusitu dira Getxon eta Arrasaten asteburu honetan egin diren Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen saioetan. Biak ala biak, beraz, zuzenean Elizondon urriaren 2an ospatuko den finalaurrekora sailkatu dira.

Alaia Martin 738 punturekin gailendu da Getxoko Muxikaberriko saioan larunbatean. Haren ondotik geratu dira Nerea Elustondo (695 punturekin), Agin Laburu (685), Oihana Bartra (653,5), Unai Mendizabal (635) eta Peru Abarrategi (627). Horiek lehen faseko saio guztiak amaitu arte itxaron beharko dute finalaurrekoetara sailkatu diren edo ez jakiteko. Igandean, aldiz, Arrasateko Amaia Antzokiko oholtzan, Joanes Illarregi izan da nagusitasuna erakutsi duen bertsolaria 678 punturekin. Atzetik geratu dira, Saioa Alkaiza (673), Iñaki Apalategi (664), Xabat Illarregi (659), Miren Amuriza (646,5) eta Gorka Pagonabarraga (616), hurrenez hurren.

Zortziko nagusi eta txikiko saioak egin dituzte bertsolariek lehenengo, eta puntu erantzunak eman ondoren, ofiziotan aritu dira gero, hamarreko txikian. Azkenik, ganbarako lanean jardun dute. Imanol Artola Arretxe “Felix” gai-jartzailea izan da Getxoko saioaren gidari eta hark emandako gaiari -“Autoa hartu duzu bila joateko. Iristear zinela, ordea, buelta ematea erabaki duzu”-, hiruna bertso bota dizkiote sei bertsolariek neurri librean. Arrasateko ganbarako lanaren gaia, aldiz, “Epailearen aurrera ekarri zaituzte. Esaten duzunak ez du zugan bakarrik eragingo”, izan da eta saioaren zuzendaritza lanak Ander Aranburu Arriolak egin ditu. Aipatu, aurtengo nobedadea dugula “kartzelako gaia” bertso ariketa librearen izen aldaketa. Horrela, aurrerantzean “ganbarako gaia” izango da atal hori.

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren saioak, bata larunbatean Zuberoako Gotaine-Irabarnen izango da , herriko gelan. Eta Igandean, berriz, Gasteizko Europa Jauregian. 17:00etan hasiko dira bi saioak. Bertsozale Elkarteak bere webgunean azaldu dutenez, ostera, abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finalerako sarrera guztiak agortu egin dira.

BTN22ko  informazio osoa, bertsozale.eus atarian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button