MUSIKA

Aitzina Folk Jaialdiak, kontzertuz beteko du egunotan Gasteiz

Aurrera darrai pasa den hilabetetik garatzen ari den Aintzina Folk jaialdia. Urte zaharra folk doinuekin agurtzeko, zenbait  jarduera eta kalitatezko folk talde nagusiak bilduko ditu Gasteizen.

Hala, gaur berton,  abenduaren 20an, 19.00etan, Artiumeko auditorioan, Pablo Garcia Sanz zinema eta telebistako  gidoigileak zuzendutako iFolk! Una mirada a la música tradicional  (2018) dokumentalaren emanaldiarekin hasiko da asteburuan eta datorren astean zehar garatuko den egitaraua.  Zuzendariaren lehen metraje luzeko film dokumentala da, horren bidez Espiello Jaialdi Zinema Etnografikoaren Zuzendari Onenaren Saria, Rural Film Festen jaildiko Filmerik Onenaren Saria, eta Biosegura jaialdiko Filmerik Onenaren Publikoaren Saria jaso duena.  Bertan, globalizazioak nor garen eta nondik gatozen ahaztera eraman gaituen ideia lantzen da, zenbait usadiok bizirik mantentzea lortu badute, folkloreari esker izan dela azpimarratuz. Gure nortasunaren eta esentziaren nondik norakoa gogorarazten duen ikus-entzunezkoa, beraz.

Ondoren, Jaime Lafuente & Jesús Ronda  taldearen De Picaros y Picardías kontzertua izango da. Bertan, tradiziozko abestiek “pikarokeria” eta amodioa izango dute ardatz; erraz entzuteko abesti umoretsuak, “zakarkeria eta alderdi eskatologikoa alde batera uzten dutenak”, taldearen aburuz. Era berean, hitzek esanahi bikoitza izango dute, irudimenari hegoak emate aldera.

Baina Aitzina Folk Jaialdiaren asteburuko kontzertuen kartela RIU, Xabi Aburruzagak eta The Sorry String Band taldeek osatzen dute.

RIU Kataluniatik  dator:  Arnau Barrios (biolina), Ciscu Cardona (gitarra eta bouzukia), Iu Boixader (kontrabaxua),  Ruben Fajardo  (bouzukia eta gitarra akustikoa),  Ricard Ros (Uillean Pipe, whistles eta ahotsa) eta Pau Vinyoles  (akordeoi diatonikoa eta ahotsa) dira taldeko kideak. Delta izenpean argitaratu du disko berria taldeak.  Jailadiko arduradunek arditu dutenez,  “grekoaren abezedarioaren laugarren hizkia izateaz gain, ibai-ahoan sortzen diren sedimentuen metakinarekin lotura sendoa du, akzidente geografiko horrek ingurumena aldatu eta itxura berria ematen baitio ingurumenari”. Berebat,  Riu taldearen laugarren diskoa “tradizioaren jalkinak musikan duen eraginaren eta inguru berrien sorreraren metafora bat da”, antolatzaileen esanetan. Beraz, taldearen erroa tradizio katalana bada ere, Mediterraneoko Atlantikoko armoniaz barreiatutako musika eskaintzen dute.

Xabi Aburruzagaren txanda izango da ondoren. Xabi Aburruzaga (Portugalete, 1978) trikitilari eta konpositorea bere  bosgarren lana da aurkeztera igoko da agertokira, Bost. Aurrekoa KeltiK (2016) unibertso zeltaren proposamenetik,  oraingo honetan, barru-barruko bidaia proposatzen du  musikariak, azken urteetan bizitako esperientziak oinarri dituzten hausnarketei doinua jarrita. Aburruzagaren taldean dira, Aitor Uribarri (panderoa), Koldo Uriarte (teklatuak), Jon Cañaveras (kontrabaxua), Eriz Perez (gitarra akustikoa) eta Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas (dantzariak).

Bi taldeak, bihar larunbatean, abenduaren 21ean, 19:00etatik aurrera Iparralde Zentroan izango duzue gozagai.

Igandean, aldiz,  The Sorry String Band taldearen kontzertua eskainiko da Artiumeko Plaza Aretoan. Talde honek, bluegrass, blues, folk rock edota country rock musika ez ezik, tradizio amerikarra duten taldeen bertsioak egiten ditu gehienbat: Crosby, Stills, Nash & Young, America, edota Eagles taldeenak, esaterako.

Hurrengo  ostiralean izango du egitarauak bere amaiera, eta horretarako, folk musikako beste erreferente eta izen handiek osatutako kontzertu emanaldiak  hartuko dute arabar hiriburura: Kalakan (Euskal Herria), Milladoiro (Galiza), eta Eleanor Shanley (Irlanda) taldeak,hain zuen.

Amadeo Garcia de Salazar Plazan izango da ostiralean, abenduaren 27an,  19:30etatik aurrera Aitzina Folk agurtzeko kontzertua, Kalakan eta Milladoiro talde ospetsuen eskutik. Kalakan Ipar Euskal Herriko taldeak, aurkezpenik ez badu behar ere, esan, XV. mendetik gaur egunerainoko errepertorioko kantuak kantatzen dituztela, haien konposizioei lekua utziz. Horretarako,  gauzatzeko, “hainbat instrumentu tradizional erabiltzen dituzte: txalaparta, txirula, tobera, pandero, xilintx… eta Indiatik etorritako harmonioa.  Hala, dena bibrazioan,emozioan eta energian ezartzeko, haien ahotsak eta perkusioak erabiltzen dituzte.

Milladoiro izango da abenduaren 27ko kontzertuko beste talde protagonista. Eraikuntza inperfektuaren lurralde baten soinu-banda da taldea, hogeita hamabost urteko ibilbidearekin.  “Izan ere, geografia, gune eta  isiltasunak girotzen eta pentagramen edertasuna bilatzen jardun dugu”, azaltzen dute taldekideek. Hala ere, urteak igaro diren arren, ilusio berberaz jarraitzen dutela aitortu dute, musikaren edertasuna eta armonia arakatzen. Taldearen lan emankorra, 23 diskotan, makina bat artisten partaidetzan, eta beste hainbat soinu-bandatan laburbildu daiteke.

Egunez eguneko programazioa, sarrerak eskuratzeko eta gainerako  informazio osoa, hementxe duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button