MUSIKA

Agur Hertzainak!, azken bi kontzertuak Bilbon eta Gasteizen

Hertzainak euskal punk eta kantagintzaren belaunaldi ezberdinen erreferenteak bere agurra iragarri du. Garik, Josuk eta “Txanpik” bi kontzertu handi iragarri dituzte Bilboko Itsas Museoan emandako prentsaurrekoan. Bata, abenduaren 16an izango da Barakaldoko BEC-en. Bestea aldiz, urtarrilean, taldea jaiotzen ikusi zuen hiriburuan: Gasteizen. Nostalgiak alboratuta, baina, kontzertuak festa erraldoi bilakatu nahi dituzte.

Hori horrela, abenduaren 16an BEC-eko kontzertua milaka lagunekin partekatu nahi dute. “Oroitzapenen eta emozioen berpizte kolektiboa desiratzen dugu, 2019an Kafe Antzokian eta Euskaldunan bizi izan genuen bezalaxe”, adierazi dute ilusioz.

Bere jatorrizko formatuan dator gainera oraingoan. Aurreko proiektuan ez bezala, Luis Javier Saiz “Txanpi” bateria ere ilusioz eta gogoz elkartu baita azken agur honetarako.

Emozio, desio eta ilusio horiek guztiak gauzatzeko, gainera, ondoan izango dituzte hainbat artista eta musikari gonbidatu ere. Oraindik zerrenda osatu ez badute ere, aurreratu dutenez, “gure hastapenetako musika ibilbidean bide lagun izan genituenak, zein belaunaldi berrietako musikaririk ez da faltako”. Aurreratu dute, soka laukote bat eta haizezko metal kolaboratzaileak izango direla haiekin oholtzan, belaunaldi berrietako taldeekin batera, Txalaina esaterako. “Eta agian txarangaren bat edo beste ere, egon badaude eta, gure kantak oso ondo moldatzen dituztenak”, gehitu dute umorez.

Gasteizen jaio eta Gasteizen bukatu. Horixe da “Azkena gure alde” azken birarako aukeratu duten leloaren filosofia. Nolabait, ibilbidea hasi zuten leku berean bukatu nahi dutelako. Izan ere, duela 40 urte Gasteizen jaio zen taldea eta bere lehen urratsak bertan eman zituen. Taldeak gerora hartutako ibilbidea ere, erabat markatu zien hiri honek eta horregatik guztiagatik, taldeak bueltatu egin nahi dio hiriari, hiriak taldeari emandako guztia.

Gasteizko kontzertuaren datarik iragarri ez badute ere, urtarrilean izango dela baieztatu dute.  Laster iragarriko dute Gasteizko kontzertuko xehetasun gehiago.

Abenduaren 16an, Barakaldoko BEC-en eskainiko duten kontzertu-festa handirako sarrerak, aldiz, datorren urriaren 5an, asteazkenean, jarriko dira salgai hertzainak.eus webgunean. Gainontzeko informazioa ere bertan aurkituko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button