ARTEA

Oliver Laxe artistaren unibertso sortzaile eta sentsoriala

Tabakalerak Oliver Laxek sortutako HU/هُوَ (Egin dantza inor begira ez balego bezala), instalazioa aurkeztu du. Reina Sofía Museorako berariaz sortutako lana da, eta orain Tabakaleran dago ikusgai espazio-antolaketa berri batekin eta Zentrora egokitua. Erakusketa urriaren 12ra egongo da ikusgai.

Proiektua hartu-emanean dauden bi gune ezberdinek osatzen dute: batetik, rave ekosistemako bozgorailuz osatutako piramide bat, eta, bestetik, basamortuko paisaiak erakusten dituzten hiru proiekzio; paisaia horietan tenpluak, bozgorailuak eta dantzan ari diren giza irudiak ageri dira, Laxek azken hamarkadan Iranen eta Marokon filmatutakoak.
Lanak “artistaren iruditeria pertsonalera garamatza; bertan, transzendentziaren bilaketak dantzatzen eta oroitzen duen gorputza bera hartzen du abiapuntu, baita sakratua den horrek paisaia natural, arkitektoniko eta sonoroan duen presentzia ere. Azken batean, protagonismoa ematen dio Laxeren obraren dimentsio espiritual eta kontenplatiboari, esperientzia fisiko, sentsorial eta sinestesikoa proposatzen baitu, mundua berriz liluratzea helburu duena”.

Tabakaleraren eta Reina Sofia Museoaren arteko lankidetzatik sortu da egitasmo hau. Elkarlan horrek zinemaren eta ikusizko arteen, zein bestelako praktika garaikideen arteko gurutzaketatik sortzen diren proiektuak sustatzea du jomuga.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button