
Lekutan kultura ekoizpen-etxeak bultzatutako Pensar Mañana proiektuak gogoetarako eta esperimentaziorako tartea eskainiko du gaur, hilak 7, Bilboko Guggenheim Museoan, “zientziaren eta teknologiaren arteko elkargunetik, orainari aurre egiteko, eta etorkizuna eraikitzeko”.
Andrea Estankona Loroñok eta Mawa Ordúñezek (Lekutan) eztabaidarako, sormenerako eta ikaskuntzarako diziplinarteko lekua sortu nahi dute, etorkizuna modu kritikoan aztertzeko.
Gaurko ekitaldian pentsamendu zientifiko, filosofiko eta artistikoko pertsona adituak bilduko dira, hala nola, Sonia Contera, Oxfordeko Unibertsitateko Fisikako katedraduna; Javier Echeverría, saio-idazle eta zientzia, teknologia eta berrikuntza arloen filosofoa; Jaime de los Ríos, New Art Foundationeko zuzendari teknikoa; Natxo Rodríguez, ACTS sareko (Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea gaztelaniazko siglen arabera) Euskadi nodoaren arduraduna; eta Fer Moraga, Sara Vega, Mery Campos, Arantza Lauzirika, Edurne González, Niko Vázquez eta Jone Elorriaga artistak.
Adimen artifizial berriek eta sorkuntza-kodeen eraldaketak markatutako testuinguru batean, proiektuak planteatzen du premiazkoa dela modu kolektiboan pentsatzea, beti kontuan hartuta gizakiaren mugak eta haren teknologiak.
Guggenheim Bilbao Museoan elkarrizketak eta proposamen artistikoak uztartzen dituen programa bat eskainiko da. Adibidez, Sonia Conterak Javier Echeverriarekin hitz egingo du zientziak eta teknologiak errealitate berriaren eraikuntza sozialean duten eraginari buruz. Teknopertsona bihurtzen ari gara? Ondoren, Jaime de los Ríosek eta Natxo Rodriguezek zientziaz eta arteaz hitz egingo dute, bai eta haien arteko hibridazioez ere.
Programak hainbat esku-hartze artistiko izango ditu, hala nola, Martha Roslerren Semiotics of the Kitchen (1975) ikus-entzunezkoaren berrinterpretazioa. Arantza Lauzirikak, Edurne Gonzalezek eta Niko Vazquezek artelanaren zentzua berrinterpretatu dute begirada bisual eta kritiko batetik. Horrez gain, Beñat Krolemek Torácica aurkeztuko du; Jone Elorriagak site-specific proiektu bat aurkeztuko du; Fer Moragak, Sara Vegak eta Mery Camposek Servitor ikerketaren emaitzak erakutsiko dituzte,…
Pensar Mañanak beste funtsezko dimentsio batzuk aldarrikatzen ditu, hala nola irudimena, emozio estetikoa edo fabulatzeko gaitasuna.



