
Loraldiak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatuta, hezkuntza eta kultura arloko eragileak bilduko dira eskoletan euskal kultur transmisioa nola landu aztertzeko, maiatzaren 8an, Aretxabaletan.
Nola landu eskoletan euskal kultur transmisio estrategiak? Horixe da erantzun beharreko galdera. Eta horretarako hezkuntza arautuko profesionalak, unibertsitateko irakasleak, hizkuntza eta kultur transmisioan lanean ari diren arduradunak eta esperientzia zehatzak garatzen ari diren adituak bilduko dira, era berean, elkarrengandik ikasi, sareak indartu eta norberaren testuingurura eraman daitezkeen ideiak partekatzeko xedez.
Lehen hitzaldian, Josune Zabala, Eusko Jaurlaritzako Euskara eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutuko zuzendaria, hezkuntzarentzat euskal kulturak izan dezakeen abiapuntu estrategikoaz arituko da. Ondoren, Egoitz Urrutikoetxea, Seaskako hezkuntza zuzendaria, Ipar Euskal Herritik datorren esperientzia partekatuko du.
Miren Oteiza eta Miren Basurto irakasleek Ikasgela kulturaz blaitu esperientziaren berri ere emango dute. Horren ostean, Karmele Perez eta Letizia Garciak unibertsitatetik garatutako esperientzia aurkeztuko dute: HUHEZI Kulturala.
Topaketaren azken saioan, Eneko Bidegainek, Idurre Alonsok eta Haizea Galarragak Hezkuntzan Euskal Kultur Planak egituratzeko gakoak eta tresnak aurkeztuko dituzte.
Hortaz, topaketa ez da soilik hausnarketarako espazioa izango, praktika berriak aktibatzeko eta sareak sendotzeko topagunea ere izango da.



