
Aurtengo EIZIE Egunaren karietara, elkarteak ekitaldi kultural bat antolatu du, Izaskun Arrue Kulturgunean: Ahotsak eta harriak tankeen aurka: poeta palestinarren erresistentzia izeneko errezitaldia. Ekimena martxoaren 14an egingo da. Bertan parte hartuko dute Eider Beobide, Olatz Esteban, Oihane Gurrutxaga, Miren Irizar eta Ainhoa Salaberria sortzaileek.
“Genozidioa etengabekoa den honetan, palestinar ahotsak gurera hurbiltzeko beharraz oharturik eta itzulpena tresnatzat, palestinar herriaren erresistentzia ohoratzeko poesia errezitaldia da honakoa. Palestinarrak hiltzen, deserriratzen eta sarraskitzen dituzten bitartean, haien ahotsak hauspotu nahi ditugu tankeen aurka. Olibondoek zutik eta bonbek isilik behar dute noizbait loreei buruz idatziko badute. Hauek dira martirien ahotsak kolonizazioaren zapalkuntzapean. Hau da hitzaren erresistentzia masakrearen aurrean.”



